Aste Santuko opor egunak ate joka daude, baina konfinamendu egoerak turismoa ere etxeratu du. Urtetik urtera goraka doa Tolosaldeko bisitarien kopurua, baina aurten, beste sektore askok bezala kolpea jaso du. «Ez da egoera erraza bizi duguna», dio Olatz Illarregi Tolosaldea Garatzeneko Turismo arduradunak.
Koronabirusaren krisiak «bete-betean» eragin diola aitortu du llarregik: «Sektorea %100ean gelditu du». Estatuak lehenengo dekretua onartu zuenetik, «turismo bulegoan bertan, bata bestearen atzetik, bertan behera uzten hasi ziren bisitak».
Aste Santua ate joka zen, eta Abaltzisketan dagoen Txindokiko Itzalarekin ere lanean ari ziren: «Aste Santurako beraiekin irekiera prestatzen ari ginen, eta erabat arduratuta zeudela esan ziguten, talde handiak bertan behera uzten ari zirelako bisitak». Astea amaitzerako sektore guztian hasi ziren erreserbak bertan behera geratzen: «Sagardotegiak, jatetxeak,... eta kasu batzuetan alarma egoera ezarri aurretik itxi zituzten ateak», ekarri du gogora. Bata bestearen atzetik erortzen joan dira: «Kasu bera da ostatuena. Hasieran San Joseko zubia zen, baina gero Aste Santukoak erori ziren».
Tabernak, jatetxeak, museoak,... denak ateak itxita. «Topic museoak ere alarma egoera iritsi aurretik erabaki zuen bere ateak ixtea». Turismo bulegoa ere itxi zuten. Ostatuena astebete beranduago eman zen, baina «hotel guztiak itxita daude, eta baita landetxeak ere. Epe luzerako duen bezeroren batekin pentsioren bat bai, baina ez dituzte erreserba berriak hartzen», dio. Bestalde, orain aztertuko dute, «ea norbaiti interesatzen ote zaion gutxieneko zerbitzu hori bermatzeko ostatuen zerrenden artean sartzea». Hori izango litzatekeela aukera bakarra azaldu du, «baina izango dituzten bezero gutxiengatik ez zaie interesatu ere egiten irekita mantentzea».
Nola ez, antolatutako ekitaldi guztiak ere bertan behera geratu dira, eta «erreserba guztiak geldituta daude», azpimarratzen du, eta dudarik gabe, «galera handia» dela.
«Urte hasieratik hauspo pixka bat hartzeko, martxoko zubia eta Aste Santuko oporraldia oso garrantzitsuak dira. Garrantzia handia du likidezia falta dutelako. Birus hau urte amaiera aldera izan balitz beste egoera batean egongo lirateke, baina urte hasiera izanda Aste Santuak ematen die arnas pixka bat», dio Tolosaldea Garatzeneko kideak.
AURRERA EGITEKO LAGUNTZAK
Sortu diren aukera ezberdinen artean, finantziazioa eta likidezia lortzeko maileguak eskaini dira. «Gu sektorearen artean tresna hauen zabalpena egiten ari gara, eta dagoeneko badakigu batzuk mailegu horiek eskatu dituztela». Langileen kasuari begiratuta, «guztiz itxi behar izan dutenen artean badakigu ERTE asko tramitatu direla», dio.
Etorkizunari begira jarrita, sektorea «oso urduri» dagoela adierazi du turismo arduradunak. «%100ean gelditu den sektorea da. Eta gerora begira ere, behin alerta egoera bukatzen denean, ez da berehalakoan bueltatuko bere aktibitatera». Agian, taberna eta jatetxe batzuk, bertako bezeroekin lan egiten dutenek, martxa hartuko dutela kontatzen du, baina «turismo sektorean erreserbak hilabeteko epearekin egiten dira, eta alarma egoera bukatu eta hortik hilabetera hasiko lirateke lehen bezeroak jasotzen». Azpimarra jarri du era berean, turistengan: «Espainiar estatua izan da lehenengotarikoa jo duena koronabirusak, eta ondoren datoz Ameriketako Estatu Batuak, Frantzia, Erresuma Batua,... eta horiek bezero garrantzitsuak dira. Beraz, ikusten dena da, Espainiako bezeroekin hasiko dela zertxobait. Nekazalturismoek bezero horiekin egiten dute lan batik bat, baina hotelen kasuan, nazioartekoekin lan gehiago egiten dute, eta beraz, krisiak gehiago iraungo du». Neurriak hartzeko orduan, autonomo, taberna, jatetxe eta ostatuentzako atera diren maileguak eta laguntzak ari dira tramitatzen.
Promozioei begira, turismoaren alorrak garbi du «ahalegin berezia» egingo duela, espainiar estatuko bezeroetara bideratzeko, «estatukoa edo agian Frantziakoa, baina gertukoa izango da», argitu du Illarregik. «Atzerriko beste merkatuetan krisiak gehiago iraungo duela ikusten delako».
Hartu diren neurrietatik kanpo geratu direnak ere badirela nabarmendu nahi izan du: «Turismo aktibokoa edo gidariena da kasua. Atera diren laguntzetan, hau da, ez daude ixtera behartu dituztenen zerrenda horietan, eta bestetik, martxoko fakturazioan ez dute izan %75 jaitsierarik. Hastear zeuden. Aurreko urteko hilabetearekin alderatu beharko litzateke, eta aurreko sei hilabetekoa ari da hartzen kontuan. Ez dira garbi agertzen kaltetu gisa, kaltetu diren arren». ERTE baten kasua ere ez da egokitzen beraien jarduerara, «ERTE baten kasuan, langileari sei hilabetez bermatu behar zaio postua, kontratatuta edukiz». Turismo sektorearen kasuan udaberria galdutzat ematen da, eta denboraldia urrian amaitzen dute. Beraz, «udarako kontratatuko dituzten langile horiek ezin izango dituzte sei hilabetez mantendu». Laguntzek ez diete erantzuten beren beharrei, eta «hori jakinarazi zaie bai foru aldundiko eta baita Eusko Jaurlaritzako turismoko arduradunei ere, eta guk sektoreari beraien eskaerekin lagundu egin nahi diegu», gaineratu du.
Bukatzeko, telelana egiten ari dela jakinarazi du Tolosaldea Garatzeneko Turismo sailak, eta laguntzeko prest daudela, denek laguntza izan dezaten.