ELAren aburuz "interpretazio-ohar batek ezin du ordeztu lege-dekretu batek zehaztutakoa". Honen esanetan pandemia ahalik eta azkarren gainditzea izango da modu eraginkorrena etorkizunean egoera ekonomiko zailari aurre egiteko. Egungo osasun egoera "dramatikoari bizkarra eman" eta ezinbestekoak ez diren jarduerak mantendu nahi dituztenen kontra egingo duela jakinarazi du
Sindikatuak salaketa larria egin du Eusko Jaurlaritzaren eta Confebask enpresarien elkartearen kontra: sintomak dituzten langile "gehien-gehienei" Covid-19aren probak ez dizkietela egiten dio ELAk.
Koronabirus kasuak egon diren enpresa ugariren zerrenda egin du publiko sindikatuak, berak "baieztatu" ahal izan duenez, tartean dira Petronor, Aernnova, Thyssen, Naiper Fournier... Tubos Reunidosen bost positibo egon direla dio eta Mercedesen 47 positibo eta 300 lagun isolatuta. Hala ere, "enpresa horietako batzuk berriro ere normaltasunez lan egiten saiatzen ari dira", salatu duenez.
Zirrikitua ez, iruzurra
LABen esanetan, "zirrikitua" deitzen ari zaie "iruzurra" egiteari enpresa askotan, oinarrizkoa ez den produkzio mantentzeko. Adibide bat jarri du. Zornotzako Aldium enpresan %10 baino ez da funtsezko jardueratzat jotzen, baina zuzendaritzak %75eko aktibitatea mantendu nahi du, sindikatu honen arabera.
Espainiako Gobernuak azken momentuan egin duen biratzea salatu du LABek: "Igandeko dekretuaren irakurketa oso modu zabalean interpretatzeko aukera ematen du; hau da, enpresaburuek nahi dutena egiteko aukera zabaltzen du". Baina garbi utzi nahi izan du ohar horrek ez duela "balio juridikorik", eta indarrean, jarduera ekonomikoa eteteko Errege Dekretua besterik ez dagoela.
"Anbiguotasunak eta iruzurrak" alde batera uzteko eskatu du sindikatuak eta "behin betikoz" langileen –eta herritar guztien– osasuna "erdigunean" jartzeko.