Koronabirusa

Ahaztuekin gogoratzeko eskatu dute

Ataria 2020ko mar. 30a, 13:24

Hainbat kolektibok bizi duten zaurgarritasun egoeraz ohartarazi du Gipuzkoako SOS Arrazakeriak. Elkarteak uste du COVID-19ak gizarteko desberdinatsunak agerian utzi dituela eta larrialdi egoera honen ondorioak batez ere, talde prekarizatuenek ordainduko dutela.

Gipuzkoako SOS Arrazakeria kezkatuta dago gizarteko kolektibo jakin batzuk jasaten duten bazterketarekin. "Pandemia honek mehatxu egiten die jada baztertuta dauden eta zaurgarrien diren gizarteko taldeei. Zalantzarik gabe, pandemia honek agerian utziko du gure gizartean dauden gizarte desberdintasunak eta prekarizatuen dauden taldeak izango dira larrialdi egoera honen ondorioak gehien pairatuko dituztenak", esan du .

Gizarte kolektibo horien artean atzerritartasun egoerarekin zerikusia dituztenak nabarmendu ditu. Batetik, etxerik ez dutenekin gogoratu dira, ezin baitute konfinamendua bete, eta hainbat eraikin itxi izanak ere ez die laguntzen, ez baitaukate eguna non pasa. "Ezin dute ere gutxieneko garbitasuna mantendu, ez baitute dutxarik, garbitzeko tokirik... Eta gainera babesgabe daude poliziaren presioaren aurrean, eta kalean egonez gero isuna jasotzeko arriskua dute", gaineratu dute. 

Etxeetan zaintza lanak egiten dituzten langileak aipatu ditu ere, SOS Arrazakeriak. "Etxeetako lan baldintzen aurrean duten babesgabetasuna erabatekoa da. Ez da erabaki zehatzik hartu eta kontratugilearen mende daude, bai egiten duten lanaren aurrean eta baita lan hori egiteko  ematen zaizkien neurrien aurrean ere". Langile horiek ere ikastetxeak eta bestelako zerbitzuak eten izanaren ondorioak bizi dituztela gogoratu du elkarteak. 

Orokorrean pertsona migranteen gehiengoak jasango du atzerritartasun prozesuen atzerapena eta egoera hori ez da legez aurreikusi SOS Arrazakeriaren hitzetan. 

Hartutako erabakietan gizarte talde horien egoera sozioekonomikoa eta bizitokiarekin dituzten arazoak ez direla kontuan hartu uste du elkarteak eta "horrek agerian uzten du administrazio publikoaren gizatasun eza eta giza-eskubideekiko konpromiso eskasa".

Elkarteak eskaera bat egin die "ezartzen ari diren neurrien arduradun diren erakundeei", gizarteko talde horiek aintzat hartzeko, behar diren baliabideak jartzeko eta talde horiekin lan egiten duten elkarteekin hitz egiteko.  "Pertsona guztientzat abegitsua izango den gizartea nahi dugu, eta pandemia honen aurrean jendarte guztia babesteko neurriak hartzea nahi dugu,  gizarte, administrazio edo bizitoki baldintzak edozein direla ere".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!