Covid-19aren ondorioz etxean gaixo dauden pertsonek hainbat irizpide jarraitu behar dituzte, etxean dauden gainerako pertsonak kutsatu ez daitezen. Halako kasuak dauden etxeetan, ezinbestekoa izango da gaixo dagoen pertsona logela bakartu batean egotea. Kontaktu bisuala eta ahoz ahokoa bakarrik izango du etxeko gainerako kideekin, eta ahal den kasu guztietan telefono bidezkoa.
Gaixoak logela sarri aireztatu beharko du eta logelako atea beti itxita mantendu beharko du. Logelan dauden altzariak egunero garbitu behar ditu. Era berean, eta ahal den kasuetan, komuna ere etxeko gainerako kideekin ez elkarbanatzea gomendatzen da. Ezin den kasuetan, behin gaixoak komuna erabilita, desinfektatu egin beharko du gainerakoek erabili aurretik. Desinfektatzeko ura eta lixiba erabiliko dira. Komunera joateko logelatik irten behar den aldiro, maskarilla eta eskularruak jarrita irten beharko da.
Logelan eskuetarako higiene produktuak eta hankarekin sakatzen den pedala duen zaborrontzi bat edukitzea gomendatzen da. Gaixoak edukiontzi horretara bota beharko ditu hondakin guztiak, gaikako bereizketarik egin gabe, eta poltsa aldatu behar denean hondakinak dituen poltsa korapilo batekin itxi beharko du. Ondoren, eta behin logelatik kanpo, poltsa hori bigarren poltsa batean sartu beharko da, lehen poltsa hartu duen pertsonak horretarako erabili dituen eskularruak bertan sartuta. Bigarren poltsa hori hirugarren poltsa batean sartu beharko da eta errefusaren edukiontzira bota.
Gaixoak erabilitako ontziak ur beroarekin edo ontzi-garbigailuan garbitu beharko dira, eta arropak 60 eta 90 gradu artean eta beste inoren arropekin nahastu gabe. Oso garrantzitsua da arropak ondo lehortzea. Gaixoak erabiltzen dituen ontziak, toallak edota trapuak pertsonalak izango dira eta ezingo dira elkarbanatu.
Gaixoaren zaintzaren ardura hartzen duenak, gaixoarekin batera egin beharko du berrogeialdia, aurrez aipatutako segurtasun neurri guztiak betez. Horrez gain, pertsona hori ezingo da arrisku taldean egon daitekeen inor izan, eta une oro eskularruak erabiltzea eta eskuak garbitzea gomendatzen da.