LAB sindikatuak salatu du, zahar etxeetan, ez dela jarduera protokolo "eraginkorrik eta egokirik" egin lantoki bakoitzerako. "Neurriak aitona-amonak susmopean daudenean hartzen dira, jakina denean Covid-19ak sintomak agertu aurretik kutsatzen duela", esan dute. Uste dute beharrezko materiala berandu iritsi izanak eragin duela kutsatzea.
Horrenbestez, LAB sindikatutik, zahar etxeetan dauden langile eta egoiliar guztiei probak berehala egin diezazkietela eskatu dute. Gainera, zahar etxeetan dauden pertsona guztiei babesteko ekipamendu nahikoa bermatzea eta adinekoei merezi duten kalitatezko zerbitzua eskaintzeko beharrezkoak diren baliabideak egoitzen eskura jartzea ere eskatu du.
LABentzat, Covid-19ak eragindako alarma egoerak agerian utzi du Gipuzkoako gizarte zerbitzu sistemaren "hauskortasuna". Azaldu dutenez, sindikatuarentzat pertsonen osasuna bermatzea da "lehena eta funtsezkoena", eta horretarako zerbitzuak indartzeko eskatu dute: "Pertsonen osasuna babesteak berekin dakar hauei zuzendutako gizarte zerbitzuak indartzea, kutsatzeko arriskua hilgarria izan baitaiteke".
Iurreamendi egoitzako egoera ekarri dute gogora: "Egoera larria ari dira jasaten Tolosan; momentu honetan, egoiliar baino langile gehiago daude kutsatuta, eta Villabonako egoitzan ere isolamenduan dira susmopean daudenak".
Bestalde, ez dute ahaztu langile horiek euren familiak kutsatzeko duten arriskua. Babes neurri egokirik gabe ari direla lanean salatu dute, eta horrela aritu izanak familiek koronabirusa "era gordinean" bizitzea eragin duela, "familia osoak kutsatuz".
Zaintza sektorea balioan jarri behar dela argi du sindikatu abertzaleak, eta kexu da Aldundiaren jarreraz: "Aldundiak agerian utzi du sektorean duen interes eta kontrol eza; zentroek ez daukate jarraibide zehatzik, eta beraien baliabideen gain geratzen ari dira egoerari aurre egiteko moduak".