Koronabirusa

Herritarrak marrazten jarri nahi dituzte Berastegin eta Bidania-Goiatzen

Ataria 2020ko martxoaren 28a

Haur, gazte nahiz helduak marraztera gonbidatu dituzte Beratsegiko eta Bidania-Goiazko udalek. Ondoren, bildutako marrazki guztiekin, erakusketa bat jarriko dute Berastegin; Bidania-Goiatzen, berriz, herriko webgunera igoko dituzte.

Itxialdia arintzeko, badute beste aitzakia bat berastegiarrek. "Egun hauetan sentitzen ari zarena paperean islatzen saia zaitez", esan dute udaletik. Margolari sena martxan jarri, eta behin marrazkia eginda, sare sozialetara igo beharko da Berastegiko Udala etiketatuz, eta gainerakoan helbide honetara bidal daiteke: kultura@berastegi.eus. Konfinamendua amaitzean, marrazki guztiak fisikoki bilduko dituzte, eta aurrerago erakusketa bat jarriko dute.

Bidania-Goiatzen ere antzeko egitasmo bat jarri dute martxan, udalak eta Ernio Guraso Elkarteak. Antolatzaileek adierazi dutenez, "etxean gaude eta denbora pasatu behar dugu, horregatik, marrazkiak egitera animatu nahi zaituztegu. Hau egiteko ez dagoenez adinik, herritar guztiak gonbidatuta zaudete. Animatu eta erakutsi artista bikainak zaretela!". Nahi adina marrazki egin ditzake bakoitzak, nahi den modura. Ondoren, argazkia atera eta whatsappez bidali behar da 603 721 845 telefono zenbakira. Herriko webgunera igoko dituzte bidalitako marrazki guztiak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!