Hegaldiei buruz esan dute, egoera honetan konpainiak ez daudela konpentsazio ekonomiko bat ordaintzera behartua. Bai ordea, konpainiak ekidin ahal dituen egoerak ematen direnean, orduan, konpainiak bidaiariari txartelaren itzulketa eskaini behar dio edo ordezko garraiobideren bat lehenbailehen edo bidaiariari ongien datorkion data batean. Bidaiariak uzten badu bidaia bertan behera, bidaia txartelaren arabera ikusi beharko da bidaiariari diruaren itzulketa badagokion eta zein baldintzatan. Konpainiak, orokorrean, aurreragoko data batean bidaiatzeko bonoak eskaintzen ari direla esan du Ainhoa Orrantia Kontsumitzaile Bulegoko arduradunak.
Tren bidaiei buruz esan du RENFEk martxoaren 18tik aurrera eta alarma egoerak irauten duen bitartean bidaiatzeko txartel guztiak baliogabetu dituela, bidaia txartelaren kopuruaren %100 itzuliz, tarifa edozein dela ere. Bidaiatzea beharrezkoa bada, martxoaren 18tik aurrera berriro erosi behar da bidaia txartela, izan ere, konpainiak zerbitzuaren zati bat mantenduko du behar handiko joan etorrietarako. Ave, Distantzia Luzea, Distantzia Ertain Arrunta eta Avant-en zerbitzuen %50 mantendu dira. Aldirikoetan funtzionamendu arruntari eutsi zaio. Atzerapenetatik eratorritako kalte-ordainak bertan behera gelditu dira.
Bidaian zerbitzu bat baino gehiago aldi berean kontratatzen direnean (garraioa, ostatua eta bestelako zerbitzu turistikoak), bidaia agentziak utzi badu bertan behera, bidaiariak egindako ordainketa guztiak itzultzeko eskubidea izango du, baina ez dagokion inolako kalte-ordainik. Bidaia bidaiariak utzi badu bertan behera ordaindutako guztia berreskuratzeko eskubidea izango du, baina ez du inolako kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik izango. Agentziak kontratuan adostutako balizko penalizazioa kobratzeko eskubidea izan lezake. Ondorioz, itzulketa osoa jasotzeko arazoak ekiditeko helburuarekin, komenigarria izan daiteke epeak agortu arte itxarotea, bidaia agentzia izan dadin bidaia bertan behera utziko duena.
Imsersoko bidaiei dagokienez, Orrantiak esan du bertan behera gelditu direla, eta ordaindutako kopuruak itzuliko direla.
Bidaiez gain, kultur ekitaldi guztiak geratu dira bertan behera, eta ondorioz, sarreren truke ordaindutako kopuruak itzuli behar dituzte.
Hipotekak
Herritarrek finantza erakundeekin dituzten ordainketak atzeratu dira ere ohiko etxebizitza erosteko mailegu hipotekarioen kasuan. Eta soilik atzeratu ahal izango dituzte COVID-19ak eragindako krisialdiaren ondorioz ordainketak burutzeko zailtasun bereziak dituztenek. Luzamendua ohiko etxebizitzen kasuan bakarrik eska daiteke, ez lokaletarako edo bigarren etxebizitzetarako. Neurri hau indarrean egongo da apirilaren 17 arte, printzipioz.
Telekomunikazioari lotuta esan du zerbitzuak kontratatzeko ezohiko kanpaina komertzialak debekatu dituztela. Eta merkataritzari buruz gaineratu du alarma egoeraren aurretik erositako produktu guztietan, itzulketa epea egun hauetan agortzen denean, itzulketa eskatzeko epea luzatu egingo dela. Epe hauek berriro indarrean sartuko dira alarma egoera bertan behera gelditzen denean.
Bukatzeko esan du iraungitako NAN-a, 2021eko martxoaren 13 arte indarrean egongo direla. Gidabaimenei dagokienez, alarma egoeran (eta haren luzapenetan) zehar iraungitakoen kasuan, automatikoki luzatuko da haien indarraldia, alarma egoera amaitzen denetik hirurogei egun gehiagoz. Ibilgailuen Azterketa Teknikoei dagokienez, hauek etenda geldituko dira alarma egoerak dirauen artean. Eta Administrazioak azterketa egiteko ezarritako epeak etenda gelditu direnez alarma egoerak dirauen artean, iraungitako azterketarekin dabiltzan ibilgailuak arazorik gabe gidatu ahal izango dira.