Interes ekonomikoak eta osasuna, aurrez aurre

Ataria 2020ko mar. 27a, 19:58

Tolosaldean ere izan du jarraipena ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek gaurko egin duten protesta deialdiak. 

ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek protesta egitera deitu dituzte langileak gaur. Administrazioei langileen osasuna beste interesen gainetik jartzeko eskatu nahi diete horrela, eta ezinbestekoak ez diren lan jardueran bertan behera uzteko exijitzen dute. "Osasuna, lan baldintza eta enpleguaren alde egin dugu ekintza, langileok ez ditugulako ordaindu behar krisi honen ondorioak", esan dute deialdiaren bat egin duten langileetako batzuk. 

Egoera honetan deialdiaren jarraipena egitea zaila dela esan dute sindikatuek, baina Tolosaldean enpresa bat baino gehiagotan eten dute produkzioa momenturen batean, protesta modura. 

Sindikatuek esan dute argi dutela langileen osasuna arriskuan jartzen ari dela, eta oinarrizko zerbitzuak (osasungintzako langileak, zahar egoitzetakoak, etxez etxeko laguntzan ari dirneak, garbiketakoak, anbulatzietakoak, supermerkatuetan ari direnak...) eskaintzen dituzten langileengan jarri dute arreta: "Oinarrizko zerbitzuetan jarduten diren langileak (osasungintza, zahar egoitzak, etxez etxeko laguntza, garbiketa, garraio publikoa, anbulantziak, supermerkatuak, ...) gure osasuna bermatzeko neurri prebentiborik gabe ari dira", salatu dute. "Jendartearen osasuna eta bizitzak zaintzen ari direna, euren lana segurtasun osoz egiteko bermeak" eskatu dituzte. 

Oinarrizko zerbitzuetan aritzen ez diren langileen inguruan esan dute, lanera joatera "behartuta" daudela, hain justu Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta patronalek interes ekonomikoak osasunaren gainetik jartzen dutelako. "Ez du ez hankarik ez bururik,
asteburuetan etxean gure familiekin konfinatuak egotea eta aste barruan lanera joan behar izatea, beste hainbeste lankiderekin batera, kutsatzeko arrisku bizian. Gure osasuna eta gure familiena arriskuan jartzen ari dira aipatu arduradunak", esan dute. 

Honek guztiak lanpostu asko kolokan jarri dituela gogoratu dute eta gogoratu dute aurreko krisi ekonomikoa langileek ordaindu zutela. "Orain patronalek eta gobernuek osasun krisia ere guk ordaintzea nahi dute. Jada hasi dira behin-behinekoak eta lan prekarioak dituztenak kaleratzen. Milaka ERTE tramitatu dituzte inongo negoziaziorik gabe". Lanpostu guztiak bermatzea eskatzen diete agintariei eta ez dituztela kaleratzeak onartuko nabarmendu dute. 

Era berean, prekarizazioa ere ekarri dute gogora, eta aurre egin behar zaiola esan dute. Izan ere, orain arte tramitatu diren aldi baterako enplegu erregulazio txostenetan ez da negoziaziorik egon eta " beharrezkoa da patronalak gure langabezitik jasoko duguna soldataren %100 arte osatzea". "Tramitatu diren enplegu erregulazio txostenak ezin dira alarma egoeratik harago luzatu. Ahalik eta arinen gure lanpostuetara bueltatu nahi dugu", gaineratu dute. Horiek horrela, langileek koronabirusak piztutako krisiaren aurretik zituzten baldintzetara itzuli nahi dutela esan dute, "atzerapausorik gabe". "Langileok ez ditugu krisi honen ondorioak ordainduko. Eskakizun argi eta zuzena dugu: Eusko Jaurlaritza, Nafar Gobernua, Confebask eta CEN: Gure osasuna, lanpostuak eta lan baldintzak bermatu". 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!