Gaia, garbi du: gailurra, gailur irrikatua, ezinbestean etxetik atera gabe joko dugun goi hori.
Gailur desiratuaren bila, umoretik abiatu da hasieran. Interneten irakurritako albistearen haritik, koronabirusak Aneto gailurra jo duela idatzi du ipuinaren hasierako lerroetan. Birusak, mendizale italiar batzuen gorputzean egin du txango Italiatik Pirinioetako tontor garaienera, eta han, Andorrako bikote bat kutsatu du, Koronas lepotik gora gailurra jota. Baina ez da arinkerietarako garaia, ez da Anetokoa guztiok espero dugun koronabirusaren gailurra. Paper-pilota bildu eta zakarretara bota du proto-ipuina.
Gordinetik jotzea erabaki du orduan. Alarma egoerak ezarritako izu kolektibo horretan aise kutsatu zaigu hizkera belikoa ere, eta, badaezpada, Espainiako armada bera etorri zaigu Euskal Herria desinfektatzera. Utikan, ordea, mugak eta politikak, pentsatu du ipuingileak. Hau gerra bada, etsaiak garbi erakutsi du bost inporta zaizkiola mugak eta klase sozialak, berdin egiten diela kosk Wuhango langile xumeei nahiz Moncloako ministroei. Eta orduantxe argi printza, hortxe duela ipuina, pentsatu du idazle ustekoak, eta fikzioa egiteari heldu dio: Gailurra jo du birusak. Inoiz armadaren burua eta koroaren jabea izan zena, auskalo zenbait milioi konfinaturik dituena, borboi emeritua, hura ere xangre maltzur honek heldu du. Hiru asteko itxialdiaren buruan, gainera, koroa kutsatu duen egun berean, hasi du koronabirusaren kurbak beherako bidea. Bizitzaren paradoxak. Gaur 20:00etako txalo zaparrada inoiz baino ozenagoa izan da… Bertsolarien gisan, azken arrazoia ere pentsatu du: borboi aita-jaunarekin jo du gailurra koronabirusak eta hondoa koroak. Baina moralkeria eta populismo gehitxokoa iruditu zaio ipuina. Borboia beharrean, Trumpekin beste aldaera bat ere saiatu du, baina azkenean albo batera utzi du ideia.
Azkenik, itxialdiaren bezperan, apnearako azken arnasa hartzen duenak legez, Herniozabal gailurrera eginiko txangoa hartu du abiapuntu. Eta autofikziotik heldu dio ipuinari: Apnearako azken arnasaldia hartzen duenak legez, Itsasoa begiztatu du instant batez, jakinik puska batean ez duela berriro ikusiko, eta, udaberri bahituari ostutako oxigeno erreserba doiarekin, liburuz ondo hornituta, bunkerrean itxi du bere burua hurrengo asteetarako. Egunen joanean, Giuseppe Conte Italiako lehen ministroa entzun du esaten «Bigarren Mundu Gerraren ondoren izan dugun erronkarik garrantzitsuena» bizi dugula. Eta, Italiako egoerarekin hotzikarak jota, Herniozabaleko haizeak Julen Gabiriaren 'Han goitik itsasoa ikusten da' liburua ekarri dio gogora, nola Italian bertan, bigarren mundu gerran, Gino Bartali txirrindulari handiak eta gainerako protagonistek, mendateen goialdetik itsasoa begiztatzea amesten zuten. Gerraren amaiera, bakea, ametsa, poza irudikatzen du itsasoak, Gabiriaren liburuan. Eta Herniozabal goitik ere ikuspegi bera begietsi daitekeela otu zaio ipuingileari: Gerra honetan ere, mendatean gora, gailurrera bidean, tropelak hainbat kide galdu ditu, baina gero eta gertuago du gailurra. Eta bai, han goitik ere itsasoa ikusten da.
Emaitzak ez du asebete. Amaiera mengel samarra, pentsatu du bere artean, eta zakarretara bota du zirriborro hori ere. Eta ernegua sosegatzeko, Herniozabaleko argazkiei begiratu die enegarren aldiz.
Oharra: Galtzaundiko eta ATARIAko kide eta irakurle maiteok, zutabe honetan euskara izaten dugu normalean hizpide, eta barkatuko didazue gaurko burugabekeria hau. Kateko zakurrak bezala, zaunk, zaunk! besterik esaten ez dakigu jada: koronabirus, koronabirus… Nolanahi ere, gonbite bat ATARIAko eta Galtzaundiko kideei eta idaztea maite duten guztiei: sormena ihesbide ona izan daiteke isolamendu egoera honi aurre egiteko; idatzi eta bil ditzagun Itxialdiko ipuinak. Seguru ale ederrak sortuko direla. Bakartze garaietarako txerto ona da literatura, eta euskarak ere eskertuko du.