Hastear da Gipuzkoa Encounter

Tolosaldeko Ataria 2020ko mar. 26a, 14:57
Iazko Gipuzkoa Encouterren hartutako irudia

14. Gipuzkoa Encounter hasiko da 18:00etan, eta larunbata bitarte egongo martxan. Ekitaldi hau ere ezin izan dute ohi bezala egin, eta parte hartzaileak ez dira Tolosako Usabal kiroldegian elkartuko, bakoitza bere etxean egongo baita. 456 partaide ariko dira eta ekintzetako batzuk irekiak izango dira. 

Aukeran jarritako plaza guztiak segituan agortu direla esan du Gipuzkoa Encounter Euskaltel Fundazioak, 456 guztira, eta ondorioz teknologiazaleen erantzunarekin "oso pozik" daudela esan dute. Parte-hartzaileak online elkartuko dira gaur 18:00etatik aurrera eta larunbata gauerdia arte luzatu ahal izango dira.

Etxean Geratu Edition honetan elkartutako lagunek arlo anitzetan parte hartu ahal izango dute, etxetik mugitu gabe, Discord izeneko tresnaren bidez. Bertan, gaika bereizitako areto birtualak” topatuko dituzte, eta arte digitaleko, software libreko, hardwareko eta jokoetako lehiaketetan izen emateko aukera izango dute. 

Ekitaldietako batzuk irekiak izango direla ere esan dute antolatzaileek. Prestakuntza-hitzaldiak eta topaketa birtualaren programa doan entzun ahal izango direlarik Euskal Encounterreko Twitch kanalaren bitartez: https://www.twitch.tv/euskalencounter/

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!