Bi familien arteko bizipenak elkarbanatzen

Tolosaldeko Ataria 2020ko mar. 26a, 14:31

Udan haur sahararrak harreran hartzea helburu duen Oporrak Bakean ekimenaren kanpaina ere bete-betean harrapatu du osasun krisiak.

Errefuxiatuen kanpalekuetan bizi diren 10 eta 12 urte bitarteko sahararrak bi hilabetez etxean hartzeko familia euskaldunak behar dira, eta apirilaren 30era bitarteko epea dago izena emateko. Bada, kanpaina aurkeztu eta horren nondik norakoak azaltzeko hainbat ekimen aurreikusita zituzten, baina, bertan behera geratu direnez, egungo egoerara egokitu dute kanpainaren zabaltzea.

Ana Trapero Oporrak Bakean programaren Tolosaldeko koordinatzaileak azaldu duenez, ezin dute ohiko moduan burutu kanpaina: "Ezin dugu, esaterako, duela gutxi Laskorain ikastolan egin genuen moduan, ikastetxez ikastetxe gaztetxoei kanpaina azaltzera joan, edota kartelak jarri kaleetan". Aurten, Oporrak Bakean programari buruzko erakusketa ibiltaria egin dute Gipuzkoan, eta Villabonan eta Adunan izan da ikusgai dagoeneko. "Tolosan apirilaren 27tik 30era dago aurreikusita ikusgai izatea kultur etxean, baina, ziurrenik bertan behera geratuko da".

Argazkiak erakusketetan ikusi ordez, norbere etxean sare sozialen bidez ikustera gonbidatu dituzte herritarrak sahararren aldeko elkartetik. "Zerbait egin behar genuela ikusten genuen, eta Gipuzkoako elkarteen artean argazkiak elkarbanatzeko ideiarekin hastea pentsatu genuen duela 3 egun", dio Tolosaldeko koordinatzaileak. Orain bifamilia facebook orrialdean argazkiak partekatzea da asmoa. "Asko dira orain bi familia dituzten pertsonak, bat Saharan eta bestea Euskal Herrian, eta guztiok etxean gaudela aprobetxatuz, espazio hau haur sahararrek eta familia euskaldunek igarotako une alaiak ikustarazteko baliatu nahi dugu". Hala, era batera edo bestera programan parte hartu duten herritarrak animatu dituzte parte hartzera, argazkiak, bideoak edota mezuak bidaliz. "Udan ematen den elkarbizitzaren eta esperientzien erakusleihoa izatea da helburua", dio Ana Traperok.

Modu honetan, aurtengo udan haur saharar bat harreran hartzea pentsatzen ari diren herritarrek bizipen guzti horien bitartez sahararren egoeraz eta programaz gehiago jakiteko aukera izango dute. "Familia mota desberdinek parte hartzen dutela, udan zehar egiten diren irteerak edo bestelako kontu ugari ikusi ahal izango dituzte igotzen joango diren argazki eta bideoen bitartez". 

Aspaldiko argazkietara jo dutela lehen egunetan dio Traperok: "Pentsa, iaz 20 urte egin genituen Tolosaldean, udan haur sahararrak harreran hartzeko programarekin, eta lehen urte haietako argazkiak ari gara zintzilikatzen". Horrek familien artean giroa animatzeko ere balio izan duela nabarmendu du, eta saharar herriarekin elkartzeko modua ere badela dio,  handik ere ari direlako facebook bitartez parte hartzen.

Era berean, urduritasuna ere somatzen dela sahararren artean adierazi du Ana Traperok: "Egun hauetan Algerian kokatutako saharar errefuxiatuen kanpalekuetatik ohikoa baino maizago ari dira euskal familiekin harremanetan jartzen bizi dugun egoeraz kezkatuta. Hori bai, errefuxiatuen kanpalekuetan oraingoz ez dago birusean positibo eman duenik".

Oporrak Bakean programari buruz galdetuta, oraingoz bere horretan mantentzen dela dio Tolosaldeko koordinatzaileak: "Apirilaren 30era bitarteko epea mantentzen dugu izena emateko, hortik aurrera taldeak osatu eta dokumentuak tramitatzea etorriko da". Dena den, nahiko zintzilik dagoela guztia onartzen du: "Hango familiak kezkatuta daude, baina baikorrak izan nahi dugu, ekaina bukaera eta uztaila hasiera bitarte etorriko liratekeelako haurrak eta oraindik denbora asko geratzen delako".

Momentuz pasa den urtean ere parte hartu zuten 8 familiak errepikatuko dute aurtengo udan, eta gutxienez 15 familia izatea da Tolosalderako jarri duten helburua. Zalantzarik dutenek edota izena eman nahi dutenek 'oporrakbakean@gmail.com'-era idatzi dezakete edo 645 710 789 edo 696 01 47 86 zenbakietara hots egin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!