Udaleku irekietarako begiraleak behar dituzte Aiztondon

Ataria 2020ko martxoaren 26a

Aduna, Alkiza eta Larraulgo umeentzat antolatuko dira udalekuak eta bertan aritzeko begiraleak behar dira.

Urtero legez, Aduna, Alkiza eta Larraulgo udalek herriko haur eta gaztetxoentzako udalekuak antolatzeko lanean ari dira. Udalekuak ekainaren 22tik uztailaren 17ra arte egingo dira eta begirale izan nahi dutenek, apirilaren 5era arte eman dezakete izena Aiztondo Zerbitzuen Mankomunitatean.

Begirale izateko, nahitaezkoa izango da 18 urte beteta edukitzea, DBH tituluaren jabe izatea, euskara ulertu eta ongi hitz egitea eta elkarrizketa eta talde dinamika gainditzea. Curriculuma eta bertan adierazitako datuak egiaztatzeko agiriak aurkeztu beharko dira izena ematerakoan. Aisialdiko zuzendari titulua, aisialdi begirale titulua, ikasketak, prestakuntza ikastaroak, EGA eta lan esperientzia izatea baloratuko dituzte hautagaiak aukeratzerako orduan. Begiraleei elkarrizketak beranduago egingo zaizkie.

Parte hartzeko interesa dutenek eskatutako dokumentazioa aterpeak@urtxintxa.eus helbidera bidali beharko dute, Aiztondoko Udalekuak izenpean. Deialdiari buruzko xehetasun gehiago Aduna, Alkiza eta Larraulgo udaletxeetako web orrietan izango dute interesatuta dauden herritarrek.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!