Koronabirusa

Konfinatuta ere, kultura eskura

Jon Miranda Labaien 2020ko mar. 26a, 19:59

Eskualdeko liburutegietako ateak itxita daude baina liburuzainek lanean jarraitzen dute; Irakurzaletasuna, sormena eta kultura bultzatzeko lanean dihardute, orain, sare sozialetan.

Joan den martxoaren 13tik itxita dago Aiztondoko Plazida Otaño liburutegia osasun larrialdiagatik; Ostiralean, martxoaren 21ean ospatu zen Poesiaren nazioarteko egunerako prestatutako materiala, egunotan ikusgai da liburutegiko erakusleihoan. «Aurrez aurre elkarrekin egoteko aukerarik ez dugunez izango, erakusleihoan ditugun idatzizko poesiak zein poesia bisualak konpartituko ditugu zuekin», esan dute Arantxa Zabala eta Irene Urruzola liburuzainek.

Liburutegiaren ateak itxita dauden arren, egunero ordu batzuk ematen dituzte Zabalak eta Urruzolak «barruko» lanak egiten: liburuei alta ematen, xahupena egiten, aleak forratzen... Bide batez, Motxila Ibiltaria ekimenaren barruan azkeneko hilabeteetan familiei agindu dieten misioa zabaltzen ari dira sare sozialetan: «Aukeratu bi xomorro eta nahastu bere ezaugarriak, zein bere izenak, eta sortu xomorro berriak». Dagoeneko iritsi zaizkie lehenengoak: pinpilingorri, txinarra edota tximelipurdia.

Zizurkilgo Gaztezulok ere ateak itxi behar izan ditu alarma-egoerari behar bezala erantzuteko, baina ez du bere jarduna eten, eta gogotsu dabil herriko gazteei proposamenak bidaltzen, etxeko egonaldia samurtzeko asmotan. Horretarako, aste osoko programazioa antolatu eta egunero-egunero partekatzen dute sare sozialen bidez. Atzo, adibidez, Hiru marran jokoa egiteko behar den materiala zintzilikatu eta gazteek egindako lanen emaitzak jaso zituzten bueltan. Gazteak elkarren artean harremanetan jartzeko, eta hezkuntza ez-formala eta aisiaren bidez, «tarte atsegin bat pasatzera gonbidatzeko», jarri dute martxan ekimena Gaztezuloko arduradunek.

SORMENARI ERAGITEKO SAIOA

Sare sozialak baliatu ditu baita ere Nora Urbizu Larraulgo liburuzainak herritarrei gomendioak luzatzeko. Konfinamenduari, kultura eskura! lelopean liburu, antzerki, filma, kantu eta hitzaldien proposamenak luzatzen digu Urbizuk, «egunean gomendio bat baino gehiago».

Horrekin batera, Berrogeialdiaren kultur kronika ekimena ere jarri dute martxan Larraulgo liburutegitik. Herritarrei zuzendutako ekimena izango da eta berrogeialdi honetan etxean edo etxetik ateratako argazkiari kronika, ipuin laburra, bertsoa, kopla edo olerkia eranstea proposatzen dute. Lanak datorren apirilaren 20ra bitartean bidali ahal izango dira kultura@larraul.eus helbidera.

«Haur eta helduentzat, bakarka nola familian egiteko proposamena da. Egunerokotasuna oinarri duena, baina kultur sorkuntzaren begiradatik. Ez du lehia formatua, elkarbanatu, partekatu eta hau guztia amaitzean ospatzekoa baizik», esan du Urbizuk. Dagoeneko hasi dira lehen lanak jasotzen eta «pozik» daude antolatzaileak erantzunarekin. Parte hartzaileen artean opariak zozkatuko dituzte eta lanak ikusgai jarriko dira herriko plazan, «normaltasunean sartu bezain pronto, festa giroan egingo dugun ekitaldi batean».

E-LIBURUTEGIAI MARTXAN

Telelanean ari da, baita ere, Edurne Martinez Anoetako liburuzaina. Liburuen gomendioak luzatzen ditu sare sozialetan eta Erandioko liburutegiak luzatu duen erronkari heltzeko gonbita egin die anoetarrei: «Irakurtzen ari diren liburuari, norberaren galtzerdiekin batera argazkia ateratzea da erronka eta gero #galtzerdietanirakurtzen traola erabiltzea, Anoetako udal liburutegiari lotura eginda».

Martinezek gogoratu du eLiburutegia martxan dela. «Internet bidez liburu elektronikoak eta filmak eta ikus-entzunezkoak mailegatzeko zerbitzua da, Eusko Jaurlaritzak sortu, mantendu eta herritarren esku jartzen duena. Bertan 20.000 liburu eta 15.000 film daude eskuragarri, baita audio-liburuak ere». Pasahitza ez duenak, norbere liburutegian eska dezake, adibidez, liburutegi@anoeta.eus helbidean. Bide batez, dagoeneko liburutegietan hartutako funtsen mailegua, maiatzaren 4ra arte luzatzen dela aipatu du Anoetako liburuzainak.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!