Bertsio ezagunenak dio Veneziako kolonia zen Ragusa hiriak (gaur egungo Dubrovnik-en), mugimendu handiko portua zuenak, zera erabaki zuela: hirian lehorreratzeko asmoa zuten eta kutsatutako tokietatik etorritako itsasontzi guztiek berrogei eguneko isolamendu-aldia igaro behar zutela lehorreratu aurretik. Aldi horri, Veneziako italieran, quarantina esaten ei zioten, eta hortik koarentena hitzaren erabilera.
Aste hauetan inoiz baino presenteago zaigu hitza. Leku pribilegiatua hartu du norberaren mihi-burmuinetan; haurrek ere halabeharrez ikasia izango zuten komunikabideek maiztutako hitza. Batzuek zalantza egingo dute euskaraz kuarentena edo koarentena den; hedabideetan ikusiko dute 'o'-rekin idatzi behar dela, koaderno bezala. Baten bati estres linguistikoa sortuko zaio; leku batzuetan berrogeialdi adituko du, eta besteetan koarentena, eta seguruenik, lagunartean (birtualki, izan beharko) pedantekerian erortzearen beldurrez, koarentena erabiliko du, akaso, ortografia zuzenez. Twitterren, ordea, baliteke bi aldiz pentsatzea zeinen alde egin. Noraeza senti dezake, hiztegien eta estilo liburuen artean ere ez dago-eta adostasunik.
Ziur nago irakasle batek baino gehiago bidali diela ikasleei koronabirusaren inguruko lanik: kutsatuen estatistikak direla, norberaren koarentena-esperientzia kontatzeko idazlana dela, erantzun mediatikoaren analisia… Nire errezeloa da bi hitzotako bat hautatu behar horretan, gehientsuenek berrogeialdi erabiliko dutela, edo ikasleek bietako zein erabili behar den galdetzen dutenean, izendapen hori hobetsiko dutela. Ez da gaur goizeko kontua eskoletan elegante beharrean dotore, produzitu ordez ekoitzi, guardasola beharrean aterki, konfesatu ordez aitortu eta dibortziatu ordez banatu gomendatzen dituztela aldez edo moldez, gaztelaniaren mamuek ikaratuta. Bi izendapenotako bakarra aukeratu behar balitz bezala, bakoitzak bere ñabardurak izateko aukerarik ez balu bezala. Eta eskolan bezala, euskal hiztun gehienek ere halatsu egingo dutelakoan nago, testuinguru formaletan gutxienez.
Koarentena hitzari gaztelania usaina dario, baina ez da hitz castellanoa, erdalduna baizik; ikusi, bestela nola deitzen dioten kontzeptu horri ingelesez, alemanez, frantsesez, errumanieraz, grekaraz, kurdueraz, suedieraz, galegoz, turkieraz edo georgieraz, beste askoren artean. Hitzaren etimologiak kontzeptuaren jatorriaren berri ematen digu, ez besterik.
Baduzue zer pentsa konfinamendu (itxialdi?) honetan. Bitartean, eskuak maiz-maiz garbitu eta eutsi goiari!