Gehiengo sindikalak honako eskariak egin dizkiete Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari, Confebask eta CENiri, oraingo honetan, langileek krisi honen ondorioak ez dituztela ordainduko iragarriz:
- Oinarrizko zerbitzuetan beharrezkoak eta efektiboak diren neurri prebentiboak ezarri.
- Oinarrizkoak ez diren lan guztiak bertan behera utzi.
- Enplegua bermatu.
- Lan baldintzak bermatu.
Martxoaren 27a, ostirala, Haserre Eguna izendatu dute sindikatuek. Osasuna, lan baldintzak, enplegua, lehenik lelopean. Langileak euren haserrea azaltzera eta mobilizatzera deitu dituzte.
Nola mobilizatu
Gehiengo sindikalak ondorengo deialdia luzatu du: "Langileei euren lantokietan, dituzten aukera eta medioak erabiliz, mobilizatzeko deia egiten diegu osasunaren, enpleguaren eta lan baldintzen defentsan; geldialdiak, elkarretaratzeak, argazkiak, burrunbak eta abar eginez".
"Langileon osasuna arriskuan jartzen ari dira"
Gehiengo sindikalak egungo egoeraren irakurketa egiterako garaian, argi du langileen osasuna arriskuan jartzen ari direla: "Oinarrizko zerbitzuetan diharduten langileak (osasungintza, zahar egoitzak, etxez etxeko laguntza, garbiketa, garraio publikoa, anbulantziak, supermerkatuak...) beren osasuna bermatzeko neurri prebentiborik gabe ari dira, eguna joan eta eguna etorri, eta osasuna arriskuan dute euren lanpostuetan".
Oinarrizko zerbitzuetan lan egiten ez duten langileak, berriz, lanera joatera behartuta daudela azaldu dute sindikatuetatik: "Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta patronalek interes ekonomikoak beraien osasunaren gainetik jarri dituztelako". Gehiengo sindikalaren ustez langile horien osasuna ere ez dago bermatuta.
Egungo egoera lantegietan ondorengoa dela diote, eta zera gaineratzen dute: "Langileok haserre gaude lanpostuak arriskuan jartzen ari direlako. Aurreko krisi ekonomikoa langileoi ordainarazi ziguten. Orain patronalek eta gobernuek osasun krisia ere langileok ordain dezagun nahi dute. Jada hasi dira behin-behineko kontratuak eta lan prekarioak dituztenak kaleratzen eta milaka ERTE tramitatu dituzte inongo negoziaziorik gabe, besteak beste".