Koronabirusa

Aurtengoan ez da Ataria Pilota Txapelketa egingo

Ataria 2020ko mar. 25a, 11:59

Egungo egoeraren aurrean, txapelketa bertan behera uzteko erabakia hartu da. Datorren urtean berriro ere pilotari gaztetxoen elkargune izateko nahia du txapelketak.

Pena handiz bertan behera utzi behar izan da Ataria Pilota Txapelketa. Aurtengoa seigarren aldia izango luke eskualdeko pilotari gazteak biltzen dituen txapelketak. Apirila inguruan hasi eta ekainaren bukaera aldera iraun ohi du txapelketak, eta bi hilabetez eskualdeko hainbat frontoi gaztetxoen pilotakadaz betetzen dira. Beste hainbat kirol ekitaldi eta txapelketekin gertatu den moduan, Covid-19 birusa ez zabaltzeko ezarritako alarma egoerak eta hortik eratorritako konfinamenduak eragin du txapelketa bertan behera uzteko erabakia.

Konfinamenduak noiz arte iraungo duen ez dago argi, ezta ondoren kirol ekitaldiak noiz eta nola egin ahalko diren, eta, beraz, aurtengo txapelketa ez egitea erabaki da. Hala nola, konfinamendu egoera bukatzerakoan ere, parte hartzeko asmoa zuten pilotariek Ataria Pilota Txapelketa baino lehentasun handiagoak izango dituztela ere aurreikusi daiteke, besteak beste, hezkuntzarekin loturikoak. Horietan egoki hasi eta bizitza bere normaltasunera ahalik eta azkarren bueltatzea egokiena dela iritzita hartu da erabakia.

300 PILOTARITIK GORA IAZKOAN

Txapelketaren prestaketa lanak aste honetan hastekoak ziren, horretarako beste behin eskualdeko pilota elkarte eta eskolekin harremanetan jartzea zen asmoa. Halere, sarea ez da etengo, eta bizi den ezohiko egoera bukatu eta gero, antolakuntzan parte hartzen duten talde guztiekin biltzeko asmoa du TOLOSALDEKO ATARIA-k, aurrera begirako erabakiak hartzeko. Bide batez, azken bost urteotan txapelketa egiteko eta sendotzeko emandako laguntza eskertu nahi die TOLOSALDEKO ATARIA-k pilota elkarte eta eskolei.

TOLOSALDEKO ATARIA-rekin batera eskualdeko hainbat taldek antolatzen dute txapelketa: Atzapar (Asteasu), Behar Zana (Amasa-Villabona), Intxurre (Alegia-Altzo-Ikaztegieta), Sendi Ekintza (Ibarra), Tolosa CF Aurrera (Tolosa), Txulobi (Aduna), Zazpi Iturri (Amezketa), Ziotza (Zizurkil) eta Kuku (Anoeta) pilota elkarteak, eta Albiztur, Alegia, Alkiza, Altzo, Berastegi, Berrobi, Bidania-Goiatz, Ikaztegieta, Larraul eta Tolosako pilota eskolak.

Horrelako sare batek ahalbidetzen du txapelketaren parte hartze zabala. Iaz, 316 pilotari hasi ziren lehian, eskuz eta palaz, eta 14 bikote iritsi ziren Berastegin jokatutako finaletara. Aurtengo parentesiaren ondoren, datorren urtean eskualdeko pilotari gaztetxoen bilgune izan nahi du berriro Ataria Pilota Txapelketak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!