Koronabirusa

Euskal presoei elkartasuna azaltzeko ekimena

Ataria 2020ko martxoaren 24a

Sare eta Etxerat elkarteek saio berezi bat eskainiko dute ostiralean, hilak 27, 19:00etatik aurrera, Sareren Facebook-eko orrian. Herritarrei "gure goxotasuna transmititu" eta salbuespen legediarekin amaitzeko aldarriak sareetan zabaltzeko deia luzatzen diete.

Sare eta Etxerat elkarteak saio berezia ari dira prestatzen, euskal presoen senideak espetxeetara bisitan joan ezin daitezkeela ikusita. Saioa ostiralean, hilak 27, emitituko dute 19:00etatik aurrera, Sare-ren Facebook-eko orrian. Saioak orduerdi iraungo du eta hainbat senidek bizitzen ari diren egoeraren inguruan euren esperientzia partekatuko dute etxetik, kultura munduko hainbat kidek euren elkartasun mezuak helaraziko dituzte eta Joseba Azkarraga Sareko bozeramaileak irakurketa labur bat partekatuko du.

Ondoren, 19:30etik aurrera, herritarren txanda izango dela esan dute. "Etxetik senideei gure goxotasuna transmititu eta salbuespen legediarekin amaitzeko aldarriak sareetan zabaltzeko deia luzatzen dugu", esan dute. Horiek horrela, aldarriak, mezuak edota marrazkiak papelean idatzi, argazkia atera eta ondoren, euren sare sozialetan #EtxeanNahiDitugu eta #NiEtxeanGeratukoNaiz traolak erabiliz partekatzeko eskatu dute. "Bestelako bideo, abesti, bertso, dantza erakustaldi... egitera animatzen den oro ere, bere goxotasuna eta aldarria zabaltzera animatzen dugu", gaineratu dute. 

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!