Koronabirusa

Birziklatzen jarraitzeko eta tentuz jokatzeko deia

Ataria 2020ko mar. 24a, 13:00

Zizurkilgo udaltzain bat, gaur, oharra jartzen.

Tolosaldeko Mankomunitateak  gaixo daudenen edota berrogeialdian daudenen hondakinak nola jaso azaldu du, eta bertan behera utzi du bolumen handiko etxeko traste zaharren bilketa. Anoetan eta Zizurkilen ez dute errefusa atez ate bilduko. 

Tolosaldeko Mankomunitateak ez ditu bolumen handiko etxeko tresnak bilduko, gaurtik eta abisu berriren bat zabaldu bitarte. Herritarrei eskatu die traste horiek etxean gordetzeko. Era berean, esan du Tolosako Garbigunea udal zerbitzuentzat eta gremioentzat bakarrik dagoela irekita, eta larunbatetan erabat itxita egongo dela. 

Koronabirusean positiboa eman dutenen eta berrogeialdian dauden pertsonen hondakinak kudeatzeko jarraibideak ere eman ditu Mankomunitateak. Pertsona horiek ez dute hondakinen bereizketarik egin behar eta hondakin guztiak errefusaren edukiontzietara bota behar dituzte ondo itxitako plastikozko poltsetan.  "Debekatuta dago, birziklatzeko beste edozein frakzioren (organikoa, ontzi arinak, papera, beira edo arropa) edukiontzietan sartzea edo inguruan lurrean uztea", esan du. 

Positibo direnek hiru poltsa

Gaixo dagoen pertsonak sortutako hondakin guztiak (eskularruak, zapiak eta maskarak)  gaixoaren gelan jarritako zabor-ontzi batean sartu behar dira. Zabor-ontziak poltsa bat izan behar du eta ontziak, ahal dela, estalkia izan behar du eta irekitzeko pedala duen horietakoa izatea gomendatzen da.

Behin poltsa hori behar bezala itxita, gelako irteeratik gertu jarri behar den plastikozko bigarren poltsa batean sartu behar da. Bigarren poltsa horretan gainera, zaintzaileak erabilitako eskularruak eta maskarak sartu behar dira ere eta behar bezala itxi behar da gelatik irten baino lehen. Bigarren poltsa hori gainontzeko hondakinekin batera sartu behar da (organikoa, ontzi arinak, papera...) eta hirugarren poltsa batean sartu, behar bezala itxiz. 

Aurreko hiru pausoak egin eta berehala eskuak sakonki garbitzeko eskatu dute ere, ura eta xaboiarekin, 40-60 segundoz gutxienez.

Hondakin guztiak biltzen dituen poltsa hori (hirugarrena) errefusarako edukiontzian sartu behar da. 

Informazio gehiagorako 943 67 62 16 telefono zenbakira deitu ahal da, edo info@tolosaldekomankomunitatea.eus helbidera idatzi. 

Anoeta eta Zizurkilgo neurriak

Anoeta eta Zizurkilgo udalek ere oharra zabaldu dute herritarren artean, eta argitu diete errefusa ez dutela atez ate bilduko. Mankomunitako langileen osasuna bermatzeko helburuz hartu dute erabakia. Aurrerantzean hortaz, errefusa edukiontzi handietan sartu behar da, eta isolamenduan edo berrogeialdian dauden herritarrek ez dituzte hondakinak bereizi behar, dena errefusara bota behar dute. Gainontzeko herritarrek organikoa, ontzi arinak eta papera zein kartoia orain arte bezala bota ahal dituzte. Herritarrei eskatu diete ez uzteko zabor boltsik lurrean, eta dagokien edukiontzira botatzeko. 

Anoetako Udalak bere aldetik, esan du errefusaren edukiontziak jartzea erabaki duela larrialdi egoera honek irauten duen bitartean. Ontzi arinen eta paperaren edukiontzien ondoan jarri dituzte. "Mankomunitateko biltzaileen segurtasuna bermatzea da helburua. Kuboak eskuz jaso beharrean, edukiontzia kamioiarekin jaso dezaketelako", esan du Anoetako Udalak.  Informazio gehiagorako udaletxera deitzeko edo ingurumena@anoeta.eus helbidera idazteko eskatu du. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!