Koronabirusa

Arrabol gaineko egunak

Imanol Garcia Landa 2020ko mar. 24a, 12:26

Jon Irisarri, Eukene Larrarte eta Naia Amondarain txirrindulariek etxe barruko egoerara egokitu behar dituzte errepideko entrenamenduak, baina sasoian nabarmen eragingo diela diote.

Profesional mailan dauden eskualdeko hiru txirrindulariei denboraldia eten egiten die alarma egoerak ezarritako konfinamenduak. Jon Irisarri Caja Ruraleko leaburuarrak urte beteko kontratua du, eta egoera honetan sasoia mantentzea «oso zaila» dela dio. «Azkenean errepidean egiten dituzun orduak, indarra eta serieak ezin dira arrabola gainean egin. Arrabolak balio du, gehienbat, ahal duzun gutxiena galdu eta indarra pixka bat mantentzeko». Egunean bi ordu inguru egiten ditu, eta batzuetan hiru ere, tarteka serie batzuk sartuz, bost minutu lasai eta beste bost minutu indartsu eginez. Horrez gain baloiarekin abdominalak egiten ditu, gimnasiako ariketak, pisuak ere erabiltzen ditu... «Gorputza tonuan mantentzen da helburua».

Eukene Larrarte tolosarrak lehenengo urtea du Eneicat Pecafer talde profesionalean. Errepideko lasterketak lehiatzen ditu talde horrekin, eta pistakoak Gipuzkoa Ogi Berri taldearekin. Konfinamendua ezarri zenean, hasieran ez zuela ondo hartu dio: «Sasoian jartzea kostatu egiten da, baina azkar joaten da. Gero, ikusten duzu egoerak duen larritasuna eta lasai hartzen ari gara lehenengo egunak. Baina hau gehiago luzatzen bada, gehiago urduritzen hasiko gara».

Naia Amondarain ibartarrak Sopela Woman's Team taldean lehen denboraldia du aurtengoa. «Orain hastekoak ginen errepideko denboraldiarekin. Entrenatzera ezin dugunez errepidera atera, prestaketa guztia etxetik egiten ari gara, arrabolarekin». Oraingoz gehienez ordubete egiten du arrabolean Amondarainek: «Aurrera begira agian denbora gehiago sartu beharko dut. Errepideko entrenamendu lasai bat ahal duzu parekatu arrabolarekin, baina errepidean lan egiten duzunean, oso zaila da hori berdintzea».

Arrabola eguraldi txarra dagoen egun batzuetan edo lesio bat izaterakoan erabili ohi dute txirrindulariek. «Kontua da neguan egin duzun lan guztia galdu egin daitekeela orain», esan du Larrartek. «Arrabolean hasieran mantendu dezakezu sasoia, baina gero egunak pasa ahala, galtzen hasiko zara». Kirolarientzako zein prestatzaileentzako egoera berria dela dio Irisarrik: «Denok ikusten ari gara nola moldatu». Buru aldetik egoera eramatea «oso zaila» dela gaineratu du: «Elikadura dezente zaindu behar da, eta egun osoan etxe barruan zaudenez, ez da erraza. Arrabola ere buru aldetik oso gogorra egiten da. Baina azkenean horrela izan behar da; jendearen osasuna da jokoan dagoena, eta ezin da txorakerietan ibili».

ERREPIDERA ATERATZEA ALA EZ

Entrenamenduei dagokionez, lizentzia profesionala duten txirrindulariek errepidera ateratzeko baimena izatearen inguruan eztabaida dago. «Niri ez zait inporta etxean geratzea, baina denok geratzen bagara eta horrela gaixotasun hau ahal den azkarren geratzen badugu. Jende asko lanera joaten dela da izorratzen didana, eta enpresa asko daudela irekita beharrezkoak izan gabe. Eta zu etxean zaude, zure kontratua jokoan dagoen urte batean», esan du Irisarrik. Leaburuarrak taldekide bat du italiarra dena, eta konfinamendu egoeran izan arren, Italian txirrindulari profesionalek errepidera ateratzeko baimena dutela azaldu du. «Nazioarte mailan lehiatzen garenoi entrenatzen uzteko eskatzen dugu, bestela beste herrialdeetakoek sekulako abantaila izango dute, eta ezingo dugu beraien kontra lehiatu».

Baimena badute errepidean entrenatzeko, Larrartek ondo hartuko duela dio: «Bestela, etxean geratu beharko dugu eta listo». Eztabaidaren bi aldeak ulertzen dituela azaldu du Amondarainek, eta gogora ekarri du aurten Olinpiar Jokoak daudela: «Horietarako prestaketa egiten ari direnak izan daitezke kaltetuenak, beste herrialdeetako kirolariekin alderatuta».

Larrarte azaroan hasi zen denboraldiarekin. Urtarrilean izan zuen azken proba pistan eta orain errepideko lasterketekin hasita zegoen. «Euskal Herri mailan probak zeuden, Espainiako Kopako probak ere bai, taldearentzat garrantzitsuak direnak, eta nazioarte mailakoak ere bai». Hain justu, Valentziako Itzulia egin du otsaila bukaeran, UCI mailakoa, eta gogoz zegoen gehiagotan parte hartzeko. «Itzuli horren ondoren gripea izan nuen eta etxean egon nintzen egun batzuk. Gero, astebete izan naiz entrenatzen eta orain egoera berri hau etorri da».

Amondarainek oraindik ez du debuta egin bere talde berriarekin errepidean. Euskaldun Torneoarekin hasi behar zuen orain eta Espainiako Koparen proba bat zuen hilaren bukaeran. «Sentsazio arraro batekin geratu naiz, ezin izan dudalako oraindik errepidean estreinatu talde berriaren elastikoa, baina garbi dago lehenengo gauza osasuna dela», esan du ibartarrak.

Pistako denboraldiari dagokionez, Larrartek Portugalgo Anadia Torneoan lehen garaipena lortu zuen nazioarte mailan, omnium proban. Espainiako Txapelketan hirugarren egin zuen omnium proban, lehenengoa sailkatuz 23 urte azpikoetan, eta madison proban txapelduna izan zen Tania Calvorekin batera. Amondarain, hain justu, madison proban bigarren izan zen Irene Usabiagarekin. Omnium proban, berriz, zazpigarren egin zuen Espainiako Txapelketan.

Caja Ruralentzat urteko lasterketa garrantzitsuenetako bat da Euskal Herriko Itzulia. Proba apirilean jokatzekoa zen, baina atzeratu egin da eta ez dago oraindik zehaztuta noiz egingo den. «Niretzako urteko helburu handi bat zen, eta orain ez dakigu noiz birkokatuko duten», esan du Irisarrik. «Lasterketa bakoitzak bere data du egutegian, eta zaila izango da egingo ez diren lasterketak sartzea. Posible da aurten denboraldia luzatzea, eta urri hasieran bukatu ordez, azaroan amaitzea».

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!