Ipuinak ez dira geldituko

«Oso pozik» ipuinek izandako harrerarekin

Iñigo Terradillos Gaztañaga 2020ko mar. 23a, 19:57

Itziar eta Joxean ipuina kantatzen

Intujaik abian jarritako ‘ipuinak ez dira geldituko’ ekimenak 60 ipuin jaso ditu dagoeneko; ATARIAk ere zabaltzen jarraituko du.

Aurtengo Ahoz-Aho Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdia bertan behera geratu da, baina, Intujai Teatro talde antolatzaileak, era batera edo bestera mantendu nahi izan du, «bereziki bizi dugun egoera kontuan hartuta». Bada, helburu horrekin, Ipuinak ez dira geldituko ekimena jarri zuten pasa den astean abian, eta «oso pozik» daude izan duen erantzunarekin. Izan ere, dagoeneko 60 ipuin inguru jaso dituzte.

May Gorostiaga antolatzaileak azaldu duenez, «Nicolas Buenafuentek nabarmendu duen bezala, ez da erraza jendea aurrean izan gabe ipuinak kontatzea, baina, hala ere, herritarrek ahalegin handia egin dute, eta oso eskertuta gaude». Gorostiagak esan duenez, guraso ugari ari dira parte hartzen. «Horrekin batera, irrati asko eta ikastetxe ugarik egin dute bat, eta Facebook-etik ere askok eta askok babesa eman digute. Era berean, gogoratu du ekimena irekita dagoela parte hartu nahi duen ororentzat. «Nahikoa da bideoa ipuina kontatuz grabatzea eta Intujai Teatroren facebookarekin etiketatzea».

Bestalde, May Gorostiagak erakundeei mezua ere helarazi nahi izan die: «Erakundeei eskatzen diegu artistok bizi dugun egoera prekarioaz gogoratzeko, eta inoiz baino gehiago aintzat hartzeko, izan ere, gure ekitaldi guztiak bertan behera geratu dira; ziur gaude hor egongo direla gure lana babesten».

ATARIAn ere ipuinak

TOLOSALDEKO ATARIAK Ipuinak ez dira geldituko ekimenarekin bat egin du, eta orain arte bezala, ipuinak zabaltzen jarraituko du. 39 euskarazko ipuin jaso ditu ekimenak orain arte, eta horiek ataria.eus-en zabalduko ditu egunero. Hain justu, bihartik egunean hiru bideo zabalduko dira, 08:00etan, 09:00etan eta 16:00etan. ATARIA IRRATIAN, 10:00etan, 12:00etan, 18:00etan eta 20:00etan ari da zabaltzen ipuinak, eta tarte gehiago eskainiko dira datozen egunetan. Eta egunkarian ere irakurri ahal izango dira ipuinak, egunero, zortzigarren orrian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!