Koronabirusa

Gureak taldean lana etetea hitzartu dute, industria atalean

Erabiltzailearen aurpegia Iker Aranburu 2020ko martxoaren 23a

Argazkia: Gureak

Enpresak industria ataleko bere 2.500 langileen soldatak osatuko dituela adostu du sindikatuekin. Tolosaldean Apatta Industrialdeko Gureak Lanean SA lantegiari eragiten dio, hau da, 250 bat langileri.

Gureak taldea batu zaio jarduera etetea erabaki duten enpresen zerrendara. ELAk agiri baten bitartez jakinarazi duenez, sindikatuek (ELA, LAB eta CCOO) eta zuzendaritzak enplegua aldi baterako erregulatzeko akordioa lortu dute.

Gureak-ek 2.500 langile inguru ditu, horietatik gehienak elbarritasun fisikoekin eta psikikoekin. Industrian eta zerbitzuetan aritzen da.

«Gauden testuinguru bereziki zailean, pertsonarik ahulenak babestuko dituzten akordioak lortu behar ditugu. Pertsonen egoera psikosoziala babestu nahi dugu, batez ere, alarma sozialeko testuinguru horretan desgaitasun psikikoa duten pertsonen egoera. Kolektibo hori, gainera, koronabirusaren aurrean kalteberatasun bereziko taldea da, birusarekiko bereziki sentikorrak diren patologiekin», oroitarazi dute zuzendaritzak eta sindikatuek.

Lan agintariek espedientea onartzen badu, langileek langabezia sari berezia jasoko dute etenaldiak irauten duen bitartean, baina Gureak taldeak sari hori beren ohiko ordainaren %100 izan arte osatuko du, aparteko ordainsariak barne.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!