Koronabirusa

Asuncioneko enpresa batzordea ez dago ados aldi baterako enplegu erregulazioarekin

Asuncion klinika kudeatzen duen Inviza enpresak aldi baterako enplegu erregulazio txostena aplikatu die 30 langileri. Langile horiek administrariak, garbitzaileak eta fisioterapeutak dira.

Asuncion klinikako enpresa batzordeak (ELAk 7 ordezkari ditu eta LABek 6) Inviza enpresak indarrean jarritako aldi baterako enplegu erregulazioa salatu du.  Neurria 15 egunetarako dago indarrean, baina luzatu daitekeela esan dute.

Enpresa batzordeak azaldu duenez, Invizak koronabirusa dela eta indarrean dagoen alarma egoera dela eta hartu zuen erabakia, eta hasieran 37 langileri eragiten zien, administrazio eta garbiketa lanak egiten dituzten hainbati eta fisioterapeuta guztiei. Azken horiek,  Asuncionek Tolosako Belaten duen egoitzan, Ordizian eta Andoainen aritzen dira.

Erregulazioaren berria indarrean jarri eta 48 ordu lehenago "bakarrik" jaso zutela salatu dute, eta beraz, "24 ordu izan ditugu bakarrik negoziatzeko".   Negoziatzerakoan batzordeak eskaera zehatzak egin zituen. Batetik, soldataren %100a jasotzea eta beraz, enpresak soldataren %30eko kostua bere gain hartzea. Izan ere, aldi baterako enplegu erregulazioaren ondorioz, langileek gizarte segurantzatik  oinarrizko soldataren  %70a jasoko dute lehen sei hilabeteetan, eta gerora kopurua %50era jaitsiko da. "Enpresak soldata horiek aurreztuko ditu, eta aurreikuspena da laguntzak jasoko dituela", esan dute. Era berean, langabezi saria eskuratzeko eskubiderik ez duten langileen  soldataren %100a ordaintzeko eskatu zuten. Baina Invizak ez zituen onartu eskaera horiek.

Bestetik,  erregulazioak noiz arte iraungo duen zehaztea eskatu zuten, eta eskaera horri bai erantzun diola enpresak, eta 15 egunean egongo dela indarrean esan die, nahiz eta luzatu ahal izango den.

Fisioterapeutak

Fisioterapeutek, zehazki, eskatu zuten ere lana etxetik egiteko aukera ematea, paziente bakoitzaren jarraipena egin ahal izateko, telematikoki, beti ere, itxaron zerrendak murrizte aldera. "Ez zuten proposamena onartu, eta azkenean hiru fisioterapeuta bakarrik atera dituzte erregulaziotik", azaldu du enpresa batzordeak.

Azkenean, hortaz, aldi baterako erregulazioak 30 langileri eragiten die, bi administrari, bi garbitzaile eta 3 fisioterapeuta atera baitituzte. "Nola da posible normalean 30 fisioterapeutek tratatzen dituzten pazienteen jarraipena hiruk bakarrik egitea?", galdetzen dute.

"Zalantza asko dugu aldi baterako enplegu erregulazio honen justifikazioaren inguruan. Jarduera eza dagoela erabiltzen dute aitzakia bezala, egia ote da? Hezkuntzan ez da gauza bera gertatu, zer esanik ez Osakidetzan, eta guri Osakidetzarekin konparatzen gaituzte. Osakidetzan ez dago egoera honetan dagoen langilerik, inongo arlotan lan egiten duela ere", esan dute.

 

 

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!