Koronabirusa

Ertzaintzak garraioarekin egindako joan-etorriak neurtuko ditu

Ataria 2020ko martxoaren 19a

Gogorarazi dute konfinamendua ohiko etxebizitzetan bete behar dela eta ezin dela bigarren etxebizitzetara joan.

Azken egunetan gehitu egin dira Ertzaintzak errepidean jartzen dituen kontrolak. Baimendu gabeko joan-etorriak eragozteko neurriak hartzen ari dira, bereziki, garraio partikular eta kolektiboenak.

Era berean gogorazi nahi izan dute alarma egoeragatik ezarritako konfinamendua ohiko etxebizitzetan bete behar dela eta debekatuta dagoela bigarren etxebizitzetara edo aisialdikoetara joatea. Baimendu gabeko bidaiak eragozteko, eta, batez ere, San Jose zubira begira, Ertzaintzak kontrolak ezarriko ditu errepideetan eta garraio kolektiboaren geltokietan. Kontrol horietan, desplazamenduaren arrazoiak argitasun osoz eta egiaztatzeko moduan justifikatzeko azalpena eskatu ahal izango die gidariei.

Une hauetan, herritarrek lan jarduerak edo premia bizikoak egiteko bakarrik zirkulatu dezakete bide publikoetatik. Horretarako, Ertzaintzako eta Udaltzaingoetako patruilek frogaketak egingo dituzte debeku horiek betetzen direla ziurtatzeko. Ertzaintzak errepideetako edo horietako zati batzuetako zirkulazioa eten ahal izango du, besteak beste, osasun publikoarekin, segurtasunarekin eta trafikoaren arintasunarekin lotutako arrazoiak tarteko badira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!