Pilotari profesionalen lehen eta promozio mailako binakako txapelketak, zein Emakume Master Cup binakako txapelketa jokoan ziren, koronabirusa ez hedatzeko hartutako neurriek geldialdia ekarri duen arte. Hiru txapelketak, gainera, azken txanpan zeuden. Lehen mailakoa eta promoziokoa finalerdietan, eta pilota mistoarekin jokatzen den Emakume Master Cup finalaren zain.
Erik Jaka lizartzarra Zabaletarekin batera ari da lehen mailako Binakako Txapelketan parte hartzen. Finalerdietako ligaxkaren bigarren partida jokatzekoak ziren aurreko asteburuan. «Enpresaren aldetik pazientzia izateko esan digute, gauzak ahalik eta ondoen egitea dela garrantzitsua. Nik uste dut ondo hartutako erabakia dela», esan du Jakak. «Hau dena bukatzen denean, txapelketarekin jarraituko dugula uste dut. Hiru jardunaldi geratzen dira eta nik uste dut egutegian lekua topatuko dutela». Geldialdia bi astekoa bada, planak ez direla gehiegi aldatuko uste du. «Gehiago luzatzen bada, enpresek gauza berriak pentsatzen hasi beharko dute».
Aurten debuta egin du Jakak titular moduan Binakako Txapelketan, eta txapelketako ligaxka lehen postuan amaitu zuen Zabaletarekin batera. Finalerdietako lehen partida galdu egin zuten, eta bigarrenaren zain zeuden gogotsu. «Azken batean, egoera berria da denontzat, deserosoa, eta ahalik eta ondoen pasatzen jakin beharra dugu, eta berriz txapelketa itzultzen denerako, ahalik eta sasoi onenean egoten saiatu behar dugu», esan du lizartzarrak.
Jon Ander Peña tolosarra promozio mailako Binakako Txapelketa jokatzen ari da Aranguren bikote duela. «Enpresatik etxean geratzeko esan digute, eta ahal dugun moduan sasoia mantentzeko», esan du. Finalerdietako ligaxkaren hirugarren eta azken jardunaldia jokatu baino bi egun lehenago abisatu zieten bertan behera geratzen zela. Aurretik, Peña eta Arangurenek partida bat galdu eta bestea irabazita zuten. Irabazitakoa Erasun atzelari zizurkildarrarekin jokatu zuen Peñak. «Gure esku zegoen, hirugarren partida irabazita finalera pasatzen ginen, baina orain auskalo noiz jokatuko dugun». Peña gustura dago egiten ari den denboraldiarekin: «Lau eta erdiko txapela irabazi ondoren, oso gustura nengoen Aranguren bikote bezala tokatu zitzaidalako, eta txapelketa oso ona egiten ari ginen».
Miren Larrarte bidaniarra Emakume Master Cupeko Binakako Txapelketan parte hartzen ari da Olatz Ruiz de Larramendirekin batera, pilota mistoarekin. Finalerako sailkatuta daude, martxoaren 29an jokatzekoa zena, Gentzane Aldai eta Olatz Arrizabalaga bikoaren aurka. «Antolakuntzatik ez digute ezer ofizialik zehaztu, baina logikoa denez bertan behera geratuko da». Lehen aldiz antolatu da binakakoa pilota mistoarekin. Finalera iristeko bi partida gainditu behar izan dituzte Larrartek eta Ruiz de Larramendik. «Lehenengoa uste baino hobe joan zen. Urte hasieran pneumonia izan nuen eta buelta ematea kostatu egin zait. Finalerdia zailagoa izan zen: Olatz ondo aritu zen atzean, baina niri ez zitzaidan partida ona atera». Larrarte palan ere aritzen da, eta orain Grabni txapelketa hastekoa zen, baina bertan behera geratu da oraingoz.
ETXEAK KIROLDEGI BIHURTUTA
Sasoian mantentzeko etxeko baliabideak erabiltzea beste erremediorik ez dute pilotariek. «Lan fisikoa egiteko aukera daukat garajean eta etxean bertan. Prestatzaileak eguneroko lan fisikoa jartzen dit, eta garajean piloteatzen suabe aritzen naiz», esan du Jakak. Etxean badu zenbait material urteen poderioz biltzen joan dena: «Pisuak baditut, bizikleta estatikoa, gomak, baloi medizinala...». Horrez gain garajea nahiko luzea duela dio lizartzarrak eta esprint batzuk egiteko baliatzen duela dio.
Peñak ere etxean baditu pisuak eta horien bitartez ariketak egiten aritzen da. «Luzaketak, abdominalak eta lunbarrak landu..., etxean geldirik egin daitezkeen guztiak», esan du tolosarrak. «Gero, mugitu ere egin behar da, eta eskaileretan eta garajean ahal dena korrika egin». Egoera hau «luzerako» joan daitekeela dio Peñak: «Hilabete edo hilabete eta erdi frontoi batera joan gabe, geldirik egoteak, asko zigortzen gaitu eta denbora beharko dugu aurretik genuen sasoia izateko».
Pilotarien lanaren parte da «eskuak behar bezala eginda izatea», gaineratu du Jakak, «eta ahal dugun moduan egiten ari gara lan hori. Eskuak gaizki badituzu edo bigunegi badaude, tako gehiago jarri behar da edo lesioak sortzen dira». Peñak gaineratu duenez, «pilota bigunarekin ibili zaitezke garajean zerbait egiten, baina gogorrarekin takoak jantzita, ezinezkoa da». Larrarte pilota mistoarekin ari da lehiatzen, eta berak ere garajea erabiltzen du eskuak lantzeko pilota horrekin: «Pilota goxoarekin eskuek ez dute hainbeste sufritzen, baina behin mistoarekin hasten zarenean alde handia nabaritzen da ez baduzu lantzen». Larrarte ere etxean ari da prestakuntza fisikoa egiten, eta horretarako, besteak beste, korrika egiteko zinta erabiltzen du: «Oso ondo etortzen ari da tresna etxean izatea».
Sasoian mantentzeko ariketak egiten ez dituenean, Jakak denbora pasatzeko hainbat jarduera egiten ditu: «Ingurukoekin hitz egin, irakurri, telebista ikusi, kartetan jolastu... Egunero entrenamenduak ditugu eta uste dut garrantzitsua dela aurretik nituen errutina guztiak ez galtzea. Horrek ere buruari on egiten dio. Bestela, txakurra ere badut, eta pixka bat kalera ateratzeko ere balio du».
Peñak, bere aldetik, unibertsitateko ikasketak Internet bidez egiteko aukera du: «Goizean ikasketei heltzen diogu eta arratsaldeetan pelikulak ikusi, mugikorrean jolastu..., ahal dena denbora pasatzeko». Larrarte baserrian bizi da, eta tarteka animaliei jana eman behar izaten dio: «Ondo etortzen da hori, haizea hartzeko aukera ere baitut horrela».