Koronabirusa

Sarraila elektronikoa duten edukiontziak desblokeatu dituzte

Irati Saizar Artola 2020ko martxoaren 19a

Tolosaldeko Mankomunitateak hondakin bilketa zerbitzua normaltasunez mantenduko du, baina koronabirus kasuak dauden etxebizitzetan neurri bereziak hartu beharko dira.

Eusko Jaurlaritzaren gomendioak jarraituz, Tolosaldeko Mankomunitateak hainbat neurri hartu ditu hondakin bilketa zerbitzuan, koronabirusaren hedapena saihesteko asmoz. Neurri horiek Tolosaldea osoari eragiten diote, eta bereziki Covid-19arekin kutsatutako pertsonen etxebizitzetan izango dute eragina.

Kutsatutako gaixoen kasuetan, gaixoak eta haren zaintzaileak erabilitako hondakinak, besteak beste, eskularruak, zapiak, maskarak eta antzekoak, errefusaren edukiontzian bota beharko dituzte eta ezingo dira gaikako bilketako edukiontziak erabili. Plastikozko poltsa behar bezala itxi eta bigarren poltsa batean sartu beharko dira. Etxeko gainerako hondakinak ere errefusaren edukiontzira atera beharko dituzte, behar bezala itxitako poltsa batean. Debekatuta izango dute edukiontzien aldamenean lurrean uztea.

Positiborik ez den etxeetan hondakinak gaika banatuko dira, ohi bezala, eta errefusa ahalik eta gehien murrizteko eskatu dute. Gogorarazi dute latexezko edo nitrilozko eskularruak ez direla ontziak, beraz, ezin direla ontzi arinen edukiontzira bota. Gainerakoan, hondakinen bilketa zerbitzuak, momentuz behintzat, bere osotasunean normaltasunez mantenduko direla ziurtatu du mankomunitateak.

Era berean, sarraila elektronikoa duten organikoa eta errefusaren edukiontzi guztiak desblokeatu egin dituzte, txartelik gabe erabili ahal izateko.

ZERBITZUAN ALDAKETAK

Tolosaldeko mankomunitateko aurrez aurreko arreta zerbitzua eten egin da. Kontsultak emailez edo telefonoz egin behar dira 08:00etatik 14:00etara.

Garbigunea ere itxita egongo da partikularrentzat. Momentuz, udal zerbitzuek eta gremioek soilik erabili ahal izango dute.

Tolosako Udalak azaldu duenez, kale garbiketa zerbitzua mantendu egingo da eta produktu desinfektatzaileak erabiliko dira garbiketarako. Bereziki anbulatorio inguruak edota saltokiak dauden eremuak garbituko dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!