Koronabirusa

Tatami gaineko mugimendu zehatzak

Imanol Garcia Landa 2020ko mar. 18a, 19:59

Unai Regillaga eta Unai Saralegi, Usabal kiroldegian, entrenamendu batean.

Europako Txapelketara joateko asmoz gogor ari ziren entrenatzen Unai Saralegi eta Unai Regillaga judokak. Borroka baino ezagunagoa den kata modalitatean lehiatzen dira bikote moduan.

Beste kirolari guztiei moduan, koronabirusaren inguruan hartu diren neurriek hankaz gora jarri diete Unai Saralegi (Tolosa, 1992) eta Unai Regillaga (Amezketa, 2002) judokei denboraldia. Bikote moduan parte hartzen dute kata txapelketetan. Aurtengo denboraldian Europako Txapelketara sailkatzea da helburua, baina orain dena airean dago.

Hain justu, asteburu honetan, martxoaren 21ean, zuten Espainiako Txapelketa. «Orain ez asko Italiara joatekoak ginen, Europako Kopako proba batera, gero Europako Txapelketarako puntu gehiago lortzeko. Koronabirusarengatik bertan behera geratu zenean, disgustua hartu genuen», esan du Saralegik. «Orain kirol ekitaldiak hemen ere bertan behera geratu dira, eta egoera horrela onartu beharra dago. Aurten gogo handiz ginen guztia emateko, eta hiru astetan hiru txapelketa genituen. Halere, orain gutxienekoa da kirol lehiaketen gaia, gauza garrantzitsuagoak daude».

Gaur egun ez dakite Espainiako Txapelketarik egingo den. Europako Txapelketa ekaina hasieran egitekoa da, baina, beste behin, lehiaketa horrekin zer gertatuko den ere ez dago argi. «Behin normaltasuna iristerakoan, ikusi egin beharko da zein txapelketa dauden hortik aurrera egutegian, eta egin ez direnak tartekatu daitezkeen ala ez», esan du Saralegik. Aurten Espainiako Kopako bi probetan parte hartu dute. Madrilen egin zutenarekin gustura geratu ziren, baina puntuazioa jasotzerakoan bosgarren geratu ginen. «Nahiko haserre itzuli ginen handik». Gero Asturiasen bigarren geratu ziren. «Hor gustura geratu ginen. Kata modalitatea puntuazio bidez funtzionatzen du, eta batzuetan epaileek emandakoarekin gustura geratzen zara eta besteetan ez».

Denboraldian zehar Espainiako Kopako probak, Espainiako Txapelketak eta Europako Kopako probak kontuan hartzen dira sailkapena egiteko, eta hortik aukeratzen dira Europako Txapelketara eta Munduko Txapelketara joaten diren bikoteak. Koronabirusaren aurkako neurriek eragindako denboraldi berezi honetan sailkapena nola osatuko den ikusteko dago ere.

Binaka lehiatzen dira judoaren modalitate honetan, mugimendu jakin batzuk eginez, baina, noski, egun ezin dute batera entrenatu. «Bakoitza bere kontura ari gara alderdi fisikoa lantzen. Berak zortea du anaiak ere judoa egiten duelako eta bien artean zerbait egin dezakete», esan du Saralegik. «Mugimenduak egiteko zortzi-hamar metro behar izaten ditugu, eta etxean konplikatua da, baina zer edo zer egitea badago».

NAGE NO KATA

Aurreko denboraldian hasi ziren lehiatzen bikote moduan Saralegi eta Regillaga. Espainiako Kopako probetan «denetariko emaitzak» lortu zituzten. «Portugalgo txapelketa batean lehenengo postua lortu genuen. Lehenengo aldia zen Espainiatik kanpora ateratzen ginela, eta lehenengo postua lortzea bultzada handia izan zen gure lanarekin jarraitzeko», esan du Saralegik. «Espainiako Txapelketan ez genuen gure egunik onena izan, eta laugarren postua lortu genuen, eta bi punturengatik Europako Txapelketatik kanpo geratu ginen».

Saralegi aritu zen aurretik lehiaketetan parte hartzen. 2012. urtean hasi zen, Aitor Alberdi bikote zuela. «Hiru urte oso onak izan genituen, eta gero belaunean lesio bat izan nuen eta geldialdi luze bat egin behar izan genuen, eta ez genuen jarraitu», esan du Saralegik. «Lau edo bost urte txapelketetatik kanpo egon naiz, eta aurreko denboraldian Unairekin hasi naiz lanean, eta momentuz gauzak ondo doaz». Alberdirekin batera lehiatu zenean, besteak beste, bi urtez jarraian parte hartu zuten Europako Txapelketan, bederatzigarren eta seigarren sailkatuz.

Judoko kata lehiaketan bost modalitate daude, eta Saralegik eta Regillagak Nage No Kata izenekoa egiten dute, borroka lehiaketekin antza gehien duena. Saralegik 3. Dan mailako gerriko beltza du, eta Regillagak 1. Dan mailakoa. Bi judoken artean egiten dira mugimendu jakin batzuk, zehatz-mehatz egin beharrekoak, eta epaileek puntuak ematen dituzte. «Judoan katak baino gehiago ezagutzen da borroka lehiaketa, besteak beste, Olinpiar Jokoetan hori baita sartzen dena», esan du Saralegik. Borrokako lehiaketan ere parte hartu izan zuen, gazteagoa zenean, eta Espainiako Txapelketaren batean parte hartu zuen, eta Euskadiko Txapelketan podiumak lortu zituen. «Ez naiz iritsi, katetan bezala, Europako Txapelketaren batean parte hartzera. Belauneko lesioa izan nuenetik dezente gutxitu ditut nire parte hartzeak borroka txapelketetan», zehaztu du Saralegik.

Sei urte zituela hasi zen judoa praktikatzen, beraz, 21 urte daramatza tatamietan giltzak egiten eta lurrera erortzen. «Judoa txikitatik barneratu dudan zerbait da», azaldu du Saralegik. «Pertsonalki, judoaren eta orokorrean arte martzialen filosofiarekin eroso sentitzen naiz. Horrez gain, ihesbide bat da niretzako, lehen ikasketetatik eta egun lanetik. Adrenalina puntu hori du eta niri asko laguntzen dit».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!