Koronabirusa

«Etxean gaudenean errutina bat mantendu behar dugu»

Pentsamendu negatiboak albo batera utzi eta positiboei begira jartzea da egoerari aurre egiteko beste gakoetako bat, Apaolazaren ustez. Ezohiko egoeraren aurrean naturaltasunez jokatzeko gomendatu du.

Errutina hankaz gora jartzeak bolada txarra pasaraztea ekar liezaioke bati baino gehiagori. Koronabirusa dela eta sortutako egoerak, beldur eta kezkak sortu dituela dio Idoia Apaolaza psikopedagogoak (Ikaztegieta, 1980). Egun hauetan kontuan hartzeko gomendioak eman ditu.

Nola eragin dio jendeari honek guztiak?

Arazo nagusia izan da ustekabean harrapatu gaituela. Italian zer gertatzen ari zitzaien bagenekien, baina bat-batean etorri zaigu guri, eta prestatzeko denbora askorik ez dugu izan.

Beldurra eta kezka sortu da gizartean?

Egoera normaletik atera gaitu, eta garunak ongi funtzionatzeko bere errutina behar du. Horrek segurtasuna ematen digu. Ezustean horrelako zerbait gertatzen denean, ordea, goitik behera aldatzen du guztia, eta bizitzeko modua aldatu egin behar da. Horrek, hainbat ezinegon eta kezka sortzen ditu, baina hori normala da.

Zein gomendio emango zenizkioke etxean dagoenari?

Etxean gaudenean antolamendu bat izaten saiatu behar dugu, ordutegi bat finkatzen. Haurren kasuan, ere berdin.

Burua zenbat eta entretenituago eduki, askoz ere errazagoa izango da aurre egitea. Baina kezkak sortzen zaizkigu, lan egoeragatik, soldatagatik, hilabete amaierara nola iritsi ez dakigulako. Ikusten dugu, ordea, denok gaudela antzeko. Erreferenteak direnak ere nola jokatu ez dakitela ikusten ditugunean segurtasun falta hori gizartera transmititzen dute. Hala ere, ahalik eta normaltasun handienarekin eraman behar dugu egoera aurrera.

Etxean egonda, zein egun den ere ez da argi izaten askotan.

Betiko errutina, normalean, haurrak eskolara doazenean edota lanera goazenean egiten dugu. Jubilatuek askotan ez dakite zein egunetan bizi diren ere. Uste dut, guztiak antzeko egongo garela, baina, momentu hauetan garrantzitsua da egutegia hartu eta zein egunetan gauden behintzat jakitea.

Informazio zaparradari jaramon egin behar zaio?

Irakurtzea beti da ona, baina zaparrada handiegiak ito egiten du bat. Uneoro zenbat pertsona dauden kutsatuta eta zenbat hil diren jakiteak antsietate egoera handitu egiten du. Neurria hartu behar zaio.

Supermerkatuetako egoera ikusteak, esaterako, estres puntu bat sortu dezake?

Bai, horrek sortzen du antsietatea, eta gainera, portaera berdina errepikatzera eramaten gaitu. Hau da, pentsatzen badugu gauzak amaitzen ari direla, iruditzen zaigu gu ere gabe geratuko garela, eta berdina egiten dugu. Horrek ez du laguntzen.

Lasaiago hartu behar da?

Ez da erraza lasai hartzea, gehienbat, ezustean harrapatu gaituelako. Krisi bat etorriko denaren mezuak entzuten ari gara, eta mundu amaiera datorrela dirudi. Baina ez da horrela.

Pentsamendu negatiboak baztertu behar dira?

Normalena da pentsamendu txarrak etortzea burura, ez baita egoera erosoa. Baina ariketa bat izan daiteke pentsamendu negatibo horiek identifikatu eta buelta ematen jakitearena, eta alde onak ikustearena. Egoera gehienek daukate alde ona, eta honekin ere deskantsatzeko edo familian gehiago egoteko aukera daukagu. Gehiago landu beharko genuke ikuspegi positibo hori. Aterako gara hemendik ere. Historiari begiratuko bagenio, gizarteak betidanik bizi izan ditu horrelako egoerak, beste gaixotasun bat dela edo gerra bat dela.

Denbora pasatzeko bideo-deiak egiten dituzte askok.

Betiere kontuan izan behar dugu deitzen digunak zein mezu eman nahi digun. Gehiago asaldatuko banau edo badu, hobe beste batean deitzea.

Askok, haurrak dituzte etxean. Zer egin daiteke?

Lehenik eta behin argi utzi behar zaie ez direla oporrak. Batzuk, eskolako lanak izango dituzte eta horiek bete egin behar dituzte. Txikiagoekin entretenimendura jo beharko dugu, mahai jokoekin, telebistarekin edota bideo jokoekin arituta. Horiek ere neurri bat izan behar dute, ordea. Lo orduak edota otorduak ere errespetatu egin behar dira.

Haurrei kontatu behar zaie zer ari den gertatzen?

Bai, baina lasaitasunez. Esaten duguna zaintzen saiatuko gara. Esplikatu egin behar zaie zein den egoera, baina ez gara sartuko zenbat hildako izan diren eta esaten. Ez gaituzte ikusi behar kezkatuta gaudenik, gu baikara haien erreferenteak.

Eta ez dakigu noiz arte iraungo duen honek.

Sinetsarazi digute mundu seguru batean bizi garela, eta hori ez da egia. Ikusi dugu birus batengatik nola gauden. Heriotzari aurre egiteak beldurtu egiten gaitu, eta badakigu gu ere zaurgarriak garela. Gure bizitza programatuta dago, eta egoera berri baten aurrean gaudenez ez dakigu seguru nola egingo diogun aurre. Baina egingo diogu.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!