Ipuinak ez dira geldituko

Ipuinek ez dute etenik

Tolosaldeko Ataria 2020ko mar. 17a, 19:01
Amaia Pagolaren ‘Argia’ izeneko ipuina izango da ‘Ataria’-n ikusiko den lehena.

Ahoz-Aho Ahozkotasunaren jaialdiko antolatzaileek ‘Ipuinak ez dira geldituko’ ekimena jarri dute abian, bizi dugun egoeran gaztetxoek euren etxeetan ipuinak jaso ditzaten.

Aurtengo Ahoz-Aho Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdiari dagozkion ekitaldiak bertan behera geratu dira koronabirusagatik. Intujai Teatrok antolatutako ekimenak 20 ikuskizun baino gehiago zituen aurreikusita aurtengorako, eta kalean egin ezingo badute ere, era batera edo bestera ekimena mantentzea pentsatu dute.

May Gorostiaga antolaketa taldeko kide tolosarrak adierazi duenez, «garrantzitsua» iruditu zaie gauden egoeran zerbait egitea: «Gaztetxoek ezingo dutela etxetik atera kontuan hartuta, ipuinak etxera eramateko ideian pentsatu dugu». Helburu horrekin jarri dute martxan Ahoz-Aho, Ipuinak ez dira geldituko! kanpaina. «Gure ideia da datozen bi asteetan ipuinekin gozatzen jarraitzea, eta hori plataforma desberdinen bitartez egin nahi dugu». Sare sozialetan zabalduko dituzte, eta horrekin batera, komunikabideetan ere ikusi eta entzun ahalko dira. Tolosaldeko Ataria-n, esaterako, ataria.eus webgunean bideo bat zintzilikatuko da egunero, 09:00etan, eta Ataria irratian lau aldiz izango dira entzungai ipuinak egunean, 10:00etan, 12:00etan, 18:00etan eta 20:00etan. 

Oraingoz jaialdian parte hartu behar zuten ipuin kontalariek egin dituzten bideoak ipuinak kontatuz, baina, deialdia herritar orori zabaldu diote antolatzaileek. «Ekimenean parte hartu nahi duten guztiek ateak zabalik dituzte, eta horretarako bideotxoa ipuina kontatuz grabatu eta Intujai Teatroren facebookarekin etiketatzea nahikoa da», azaldu du Gorostiagak. Halaber, 678 99 01 62 zenbakira whatsappez bidaltzeko aukera ere jarri dute eskura.

EUSKARAZKO IPUINAK

  • Argia. Amaia Pagola.
  • Lizardiren olerkiak partekatzen. Imanol Artola Felix.
  • Gora maitasun platanikoa.  Bego Alabazan.
  • Munduko etxerik handiena, gure etxetik mundura. Ana Apika.
  • Piztien gerra. Joxe Mari Carrere.
  • Urteak betetzen dira, ametsak ere bai. Ane Gebara.  
  • Itzaletik argi izugarria.  Amane eta Lizar.
  • Intralurtarrak. Aitor Vinagret.
  • Pertsianak ireki. Itziar Rekalde.
  • Afrikara! Gora Baobab bihotzak! Maider Alzelay.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!