Aurreko legealdian Enirio-Aralar Mankomunitateko udal ordezkari izan ziren zazpi pertsona, tartean Abaltzisketako Jon Zubizarreta eta Amezketako Ainhoa Zuriarrain, Tolosako Hirugarren Instrukzio Epaitegian auzipetuta daude. Mankomunitateko ordezkari zirela Enirio-Igaratza arteko bidea egokitzeko lanak egiteko aldeko bozka eman zuten, eta ondorioz, Natur Baliabide eta Ingurugiroaren eta Lurraldearen Antolaketaren ustezko delitua egin izana egotzi diete. Auzipetutako zazpi hautetsien defentsa kostuak bere gain hartuko ditu mankomunitateak, «ordezkaritza eta defentsa egoera egokia» izan dezaten.
Aurreko osteguneko presazko eta ezohiko zuzendaritza batzarra deitzeko eskaera Abaltzisketa, Altzaga, Arama, Beasain eta Lazkaoko ordezkariek proposatu zuten, Enirio-Igaratza mendi pistari baiezko bozka emategatik auzipetuta dauden ordezkariei eragiten dien puntua tratatzeko. Koronabirusagatik bilkura ahalik eta motzen egiten saiatu ziren eta aurreikusita zeuden zazpi puntuetatik bakarra landu zuten, hain zuzen, auzipetuen defentsa kostuak mankomunitateak ordaintzeari zegokiona. Ordainketak «berehala» egiteko proposamena luzatu zen gai zerrendan.
Auzipetuek egindako eskaerari dagokionez, mankomunitateko idazkariak egindako bi txosten daude, ordezkaritza eta defentsa gastu horiek mankomunitateak bere gain hartu ahal izateko baldintzak zehazten dituztenak. Gastuen ordainketa, ikertuak delituaren erantzuletzat jotzen ez direla egiaztatu ondoren egitea esaten du lehen txostenak. Bigarrenak, gastuak ordaintzeko kide guztiek egindako ordainketak justifikatu behar dituztela esaten du. Adur Ezenarro mankomunitate lehendakariak bilkuran adierazi zuen eskaera egitea «zilegi» dela, baina bigarren txostenak ezarri bezala, gastu horiek indemnizagarriak izateko eta ordaindu ahal izateko, dagokion prozedura jarraitu behar dutela, «auzipetuen defentsa gastuen fakturak aurkeztuz adibidez».
Aurreko osteguneko bilkuran 14 ordezkarik hartu zuten parte eta ordainketa berehala egitearen aldeko 13 bozka izan ziren. Kontrako boto bakarra Ezenarro lehendakariak eman zuen eta bozka arrazoitzerako orduan argudiatu zuen, mankomunitateko lehendakari ohiak Ordiziako udalbatzak adostutakoaren kontra egin zuela eta «interes pertsonalak medio» eman ziola babesa Enirio-Igaratzako pistari.
Aitor Aldasoro Beasaingo alkateak hartu zuen hitza bilkuran eta EH Bilduko ordezkariei aurpegiratu zien, ordainketak lehenbailehen egitea edo ez borondate politikoaren baitan zegoela. Batzarrean Aldasorok azaldu zuen defentsaren orain arteko fakturak ordaindu behar izan dituztela dagoeneko auzipetuek, «3.000 euroko faktura bana». Beasaingo alkatearen hitzetan «indefentsio» egoera honi eusteak aurrekari «oso larria» ezarriko luke. «Gure eskualdeko herrietan organo kolegiatutan parte hartzen duten ordezkariak, udalbatzetako zinegotziak edota mankomunitate eta abarretako ordezkariak, kanpo presioen baldintzapean arituko lirateke, behin behinean euren patrikatik aurre egin behar badiete bertan hartutako erabakien ondorioei».
Honenbestez, mankomunitateak auzipetuen gastuak bere gain hartzea eta ordainketa berehala egitea adostu zuen 13 baiezko botorekin eta lehendakariaren ezezko boto bakarrarekin. Auzipetuek orain arteko ordainketen fakturak aurkeztu beharko dituzte, eta horretaz gain, herri bakoitzak egin beharreko ekarpen berezia nola egin erabakitzeke geratu zen ostegunean.
Bilkuran izan ziren auzipetuak «pozik» agertu ziren, azaldu zutenez, «hilabete askotan gainean izan dugun zamaren zati txiki bat behintzat arindu zaigulako». Beste behin, nekazaritza sindikatuen eta ganaduzaleen babesa eskertu zuten auziperatuek, koronabirusagatik bilkura aretoan egon ez baziren ere, kanpoan zain egon zirelako batzarra amaitu bitartean. Auzipetuek mankomunitateko lehendakariari kiroldegia eta musika eskola «beteta» zeuden bitartean, batzar aretoan sektoreko ordezkaritzari sartzen utzi ez izana aurpegiratu zioten, «are gehiago EH Bilduk parte hartzea beti ahotan darabilenean». Ordu eta erdi iraun zuen batzarrak eta eztabaidak iraun bitartean kanpoan izan ziren nekazaritzako sindikatuetako ordezkariak eta baita ganaduzaleak ere.