Kazeroladak, Soraluzeko erailketa salatzeko

Ataria 2020ko martxoaren 17a

Tolosaldeko Asanblada Feministak gaur 21:00etan kazeroladak egiteko deia egin du. Mobilizazioarekin Soraluzen atzo gizonezko batek emakume bat hil zuela salatu nahi dute. 

Emakume bat hilik aurkitu zuten atzo goizean Soraluzeko etxe batean. Ertzaintzak haren semea atxilotu zuen handik ordu gutxira, ama hil izana leporatuta. Gizonak 33 urte ditu, eta Elorrioko udaltzain bat da. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi zuenez, andreak 74 urte zituen, eta aurpegian kolpe bat zuen hilda aurkitu zutenean.

Azken hilketa honekin 105 dira 2003tik Euskal Herrian indarkeria matxista dela eta erail dituzten emakumezkoak, eta hori dela eta Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak kazeroladak deitu ditu gaurko, eta Tolosaldeko Asanblada Feministak ere bere egin du deia. Emakume eraila Soraluzen! Toli, gogoan zaitugu! lelopean nork bere balkoitik protesta egitera animatu dituzte herritarrak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!