Koronabirusa

Emaitzarik gabeko asteburua

Imanol Garcia Landa 2020ko mar. 17a, 11:59

Kirolaren alorrari ere eragin dio jarduerak bertan behera geratzeko debekuak.

Koronabirusen larrialdi egoeraren barruan, kirol jarduera guztiak bertan behera geratu dira. Asteburuan ez dira, beraz, hainbat ligako partidak zein txapelketa jokatu, ezta eskualdean egitekoak ziren kirol ekitaldiak.

Tolosa CF kluba da eskualdeko handiena, 750 kide inguru baititu kirolari eta teknikari artean, eskola kirola kontuan hartuta, bere hainbat ataletan. «Ostegunean jaso genuen abisua kirol azpiegiturak itxi egingo zirela», esan du Iñaki Martixa Tolosa CF-ko lehendakariak. «Egun horretan, esaterako, futbol taldekoek entrenamenduak bertan behera utzi zituzten». Entrenamenduak egiteko hainbat jarraibide pasa dizkiete entrenatzaileek kirolariei, tartean luzaketak egitea, eta bizikleta estatikoa dutenek horrelakoak erabiltzea. «Ariketa egiteaz gain, frigorifikora ahal den gutxien joatea ere komeni da», azaldu du Martixak. «Seme-alaba kirolariak dituzten gurasoek ere aprobetxatu ditzakegu beraiekin ariketak egiteko».

Atal bakoitzak bere egitura autonomoa du klubaren barruan. «Azkenean, ikusita azpiegiturak itxita daudela, bakoitza joan da bideratzen gaia», zehaztu du Martixak. Lehiaketei dagokionez, ligak jokatzen dituzten kiroletan zer gertatuko den ez dagoela garbi gaineratu du: «Posible da aurtengo ligak bukatutzat ematea. Hori gertatzen bada, ikusi egin beharko da zer erabaki hartzen diren sailkapenei buruz, hau da, zein igotzen diren eta zein jaisten diren jokatu den azken jardunaldiaren arabera, edota dena bertan behera geratzen den, eta hurrengo denboraldia hutsetik hasten den».

Zenbait kirol probei ere eragin diete koronabirusa ez hedatzeko hartutako neurriek. Larraul-Hernio-Larraul lasterketa igandean egitekoa zen, eta bertan 200 korrikalarik parte hartu behar zuten, hau da, izen-ematea beteta zuten beste behin. Eusko Jaurlaritzak hartutako erabakiaren ondoren, bertan behera utzi behar izan dute. Antolakuntzatik azaldu dutenez, aurten berriro antolatzeko asmoa dute, baina oraingoz ez dute datarik. «Ikusi egin beharko da zenbat irauten duen kontu honek, eta normalitatera itzultzen garenean, hitz egin beharko dugu noiz egin dezakegun», azaldu du Andres Aristi antolakuntzako kideak. Beraz, izen-ematearen dirua ez dute itzuli, eta beraien webgunean zein komunikabideen bitartez jakinaraziko dute noiz egingo duten berriro.

Asteburuan egitekoak ziren beste bi kirol ekitaldi nagusi ere bertan behera geratu ziren. Horietako bat Aiztondo Klasikoa txirrindularitza proba izan da, afizionatu mailakoa, eta Espainiako Koparako baliagarria. Egin ez den beste kirol proba Gipuzkoako Batel Ligako jardunaldia izan da, TAK klubak antolatutakoa eta Oria ibaian egitekoa zena.

Kirol azpiegitura guztiak itxita daude gutxienez martxoaren 29a arte. Tolosako Usabal kiroldegian, esaterako, mantenu lanak egiten ariko dira, berriro irekitzerakoan azpiegiturak behar bezala izateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!