Ez da inorentzat erraza epe mugagabez etxean konfinatuta geratu beharra, baina zailtasuna are eta handiagoa izan daiteke pertsona helduentzat edota behar bereziren bat dutenentzat. Horregatik, herri bakoitzean behar horiek identifikatzen ari dira, modu egokian erantzuteko, eta laguntza emateko prest dagoen boluntarioen sarea ere handitzen ari da eskualdean.
Oro har, tamaina handiko herrietan udal gizarte zerbitzuetatik ari dira kudeatzen, eta tamaina txikiagoetan Uli, Saiaz eta Aiztondo mankomunitateetatik ari dira lanean. Behar handiena duten herritarren zerrenda osatzen ari dira, eta etxetik atera gabe egon behar duten egunetarako erosketak edota zaintza zerbitzuak nola egin ari dira zehazten. Era berean, telefono zenbakiak ere jarri dituzte herritarren eskura, zuzenean udaletxera edo gizarte zerbitzuetara deitu ahal izateko.
Udaleko zerbitzuen osagarri, herritar ugari ari da laguntzeko nahia azaltzen. Alegiako kasua litzateke horietako bat. Bertan, udaleko zenbakiarekin batera, telefono mugikor bat ere jarri dute, Gaztetxekoekin elkarlanean, eta horretara deituta, erosketak egiten lagunduko diete adineko herritarrei. Boluntario moduan lagundu nahi dutenentzat komunikazioa@alegia.eus helbidea ere jarri dute eskura.
135 BOLUNTARIOKO SAREA
Tolosaren kasuan, iragan ostiralean hasi zen lagun talde bat boluntario sare bat osatzeko beharraz hizketan. «Bakoitza bere kontaktuen bidez hasi ginen ideia zabaltzen», azaldu du Dani Lopez boluntario taldeko kideak. Horrela osatu dute 135 pertsonako taldea. «Denetarik dago taldean, eta baita profesionalak ere, hala nola, erizainak, farmazialariak, medikuak eta babes zibilean lan egindakoak». Euren helburua laguntzea da, baina, hori bai, «beti profesionalek gainbegiratuta». Eta hori argi utzi nahi dute, «kolaboratzea eta laguntza osagarria izatea» dela euren asmoa, «profesionalen zerbitzura, eta inondik inora gure kabuz eta heroiarena eginez». Momentuz, boluntarioak sailkatu dituzte, «lagundu behar denerako ondo funtzionatzeko».
Egin asmo dituzten edo egin ahalko dituzten laguntzen artean, adinekoei erosketak egitea, euren etxeetara garbitzera joatea, zaborrak ateratzea, txakurrak paseatzera irtetea, baserrietan isolatuta egon daitezkeenei bisitak egitea... aipatzen dituzte. «Azoka bertan behera geratu zela kontuan hartuta, pentsatu dugu baita ere, ondo legokeela udalak baserritarren produktuak erostea, ezingo dutelako saldu, eta horiek banatzea. Etxerik gabekoen kasuan, berriz, zentroak itxi dituzte, eta horiek ere laguntza beharko dute», adierazi du Lopezek.
Gurutze Gorriarekin harremanetan jarri dira, eta euren laguntza eskertu eta formazioa emango dietela erantzun diete. Tolosako Udalaren kasuan, gizarte zerbitzuetatik antolatzea, eta boluntario sarea euren zerbitzura egotea da asmoa. Bada, ostiralean azaldu zuten udaletxean euren prestutasuna, baina, oraindik ez dute erantzunik jaso. «Egoera kudeatzen ari direla ulertzen dugu, baina, beste udaletxeetan boluntarioak eskatzen ari direla ikusten ari gara, beraz, ulergaitza ere egiten zaigu erantzunik ez jasotzea. Gu antolatuta gaude, beraz, udalaren esperoan gaude lanean hasteko, eta euren telefonoaren bitartez ez bada gure telefono zenbakia zabaldu beharrean egongo gara behar duen orok erabili dezan».
Laguntza eta informazio telefono zenbakiak
Herriz herri
- Abaltzisketa. 943 65 29 00.
- Aduna. 943 69 25 71.
- Albiztur. 943 65 44 26.
- Alegia. 943 651 087 eta erosketetarako 606 797 135.
- Alkiza. 943 69 39 30.
- Altzo. 943 65 24 13.
- Amasa-Villabona. 943 69 21 00.
- Amezketa. 943 65 31 89.
- Anoeta. 943 65 12 00.
- Asteasu. 943 69 19 07.
- Baliarrain. 943 88 90 03 eta erosketetarako 669 02 53 30.
- Belauntza. 943 67 43 66.
- Berastegi. 943 68 30 00.
- Berrobi. 943 68 32 94.
- Bidania-Goiatz. 943 68 11 09.
- Elduain. 943 38 3 1 21 eta arratsaldez, 646 69 9 6 66.
- Gaztelu. 943 67 44 44.
- Hernialde. 943 65 44 94.
- Ibarra. 943 67 11 38 eta gizarte@ibarra.eus
- Ikaztegieta. 943 65 33 29 eta 688 63 57 75.
- Irura. 943 69 13 33 eta alkatetza@irura.eus
- Larraul. 943 69 30 42.
- Leaburu-Txarama. 943 67 59 31.
- Lizartza. 943 67 07 00 eta 649 49 73 93.
- Orendain. 943 65 40 64.
- Orexa. 943 68 20 29.
- Tolosa. 943 65 44 66 eta 943 69 74 60.
- Zizurkil. 943 69 10 12 (1 luzapena).
Informazio orokorra
- Osakidetza. 900 20 30 50.