Aurreko ostiraletik hasita bertan behera geratu dira eskola jarduera presentzialak. Hartutako neurriaren arabera martxoaren 30ean itzuliko dira ikasleak ikastetxeetara, baina epea luzatu daitekeela aurreikusten da. Ikastetxeak egoera berrira egokitu behar izan dute, eta nagusienak Interneteko plataforma bidez ari dira ikasgaiak lantzeko moduak bideratzen.
Villabonan dagoen Erniobea institutuan aurreko ostiralean hasi ziren antolatzen maila bakoitzeko ordutegi berezia. Interneteko plataformen bitartez ari dira egitekoak bidaltzen ikasleei zein hauengandik jasotzen. Egoera berrira egokitzea tokatzen zaiela azaldu du Joxemi Eizagirre ikasketa buruak: «Irakasle batzuk gehiago ezagutzen dituzte gai hauek eta besteei eman dizkie prestakuntzak, besteak beste bideoak grabatzeko eta ikasleengana Internet bidez zuzentzeko».
Zuzendaritzako kideak zein zenbait irakasle joan ziren atzokoan Erniobera institutura, baina gaurtik aurrera beraien zereginak etxetik bideratuko dituztela esan du Eizagirrek. «Ikasleei komeni zaie errutina bat eramatea egunero», esan du Eizagirrek. «Denok ariko gara etxetik lana egiten, eta ziur gaude ikasleek erantzun positiboa izango dutela».
Orixe institutuko Itzar Errasti ikasketa buruak azaldu duenez, «ikastetxea irekita dago, eta irakasle dezente etorri da bertara. Bihartik [gaurtik] aurrera irakasle gehienak etxetik ariko dira, eta zuzendaritzako kideak txandaka izango gara ikastetxean». Gurasoei eta ikasleei bidali dizkiete egin beharreko lanak, eta Internet bidez ariko dira harremanetan: «Familien aldetik ez da kezka handirik azaldu». Zenbait familietan ez dituzte baliabideak Internetera beharrezkoa den konexioa izateko, eta familia horietako ikasleei paper bidez banatu zaizkie egitekoak.
DBH eta Batxilergoko ikasketak ematen dira Orixen. «Bizitzen ari garen erronka honek ere balio du beste gaitasun batzuk lantzeko, autonomia adibidez», esan du Errastik. «Orixen digitalizazioan maila nahiko aurreratua daukagu, baina honek guztiak ere balioko du dauden hutsuneak ikusteko eta pauso bat gehiago emateko».
Ibarrako Uzturpe Ikastolan 2 eta 16 urte bitarteko ikasleak dituzte, beraz, Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta DBHkoak. «Haur Hezkuntzari dagokionez, etxean egoteko aholkuak ematen ari gara, eta gure blogaren bitartez ere proposamenak egiten ari gara», esan du Usue Sukia zuzendariak. «Lehen Hezkuntzan lanak zehaztu dizkiegu eta horien jarraipena egiteko bideak aztertzen ari gara, bakarkako jarraipena ahalbideratuz. DBHkoei dagokionez, gaur [atzo] lehen orduan 150 ikasle aritu dira bideokonferentziaz, talde bakoitza bere tutorearekin, eguneko plangintza zehaztuz. Egitekoak azalduko dira eta gero lanak jasoko ditugu».
Uzturpeko irakasleak etxetik ariko dira, eta zuzendaritzako eta administrazioko kide bat izango da goizeko ordutegian ikastetxean. Familiekin harremanetan daude korreo elektronikoz edo telefonoz, eta «egunerokoan aritzeko laguntzaren bat behar badute, bideak irekita» dituztela azaldu du Sukiak.