Koronabirusa

Enpresa bakoitzak bere neurriak hartu ditu egoerari aurre egiteko

Ataria 2020ko mar. 16a, 17:30

Batzuk ateak itxi dituzte, besteek produkzioa mugatu dute eta badira berdin-berdin jarraitzeko ahaleginetan ari diren enpresak ere; betiere arduraz hartu dituzte neurriak.

Espainiako Gobernuak ezarritako konfinatzeko aginduak baditu hainbat salbuespen: horietako bat da lanera joateko kalera irtetearena. Enpresaburuen deirik jaso ezean, lanera joan beharko dute langileek, momentuz behintzat. Gaur ere milaka izan dira lantokietara joan diren langileak eskualdean. Eta beste hainbestek etxea bilakatu dute lantoki, bulegoko lana etxetik egiten ari baitira.  

Jardunaldi ekonomikoa ahal den neurrian mantentzeko erabakia dagoen arren, hainbat enpresek ateak itxi egin dituzte, langileen osasuna bermatzeko aukerarik ez dutela ikusita. Horren adibide da Adunako Irizar e-mobility enpresa. Asteazkena bitarte lantegia itxita mantenduko dute eta ondoren erabaki beharko dute aurrerantzean zein neurri hartu. 

Guztiz itxi ez, baina mugatu egin dute produkzioa, esaterako, Panelfisan. 120 bat pertsonek egiten dute lan bertan, eta egoeraren aurrean neurriak hartu behar izan dituzte. Pasa den astetik, etxetik lan egin dezaketenak etxetik ari dira lanean. Besteen kasuan, atzotik, produkzioa erdira jaitsi dute, horrela, langile erdiak lanera joango dira eta beste erdiak etxean geratzeko aukera izango dute. «Bezeroen aldetik ez da ezer aldatu, baina urgentziak bakarrik erantzungo ditugu, eta produkzioa erdira jaitsita ariko gara lanean», azaldu dute. Egunero joango dira egoera baloratzen eta beharrezko neurriak hartzen.

Produkzioa mantenduz

Beste hainbat enpresatan beharrezko neurriak hartzen ari dira, nahiz eta produkzioa mantentzeko ahaleginetan jardun. Munksjo Paper enpresa da horren adibide bat. 170 langile inguruko enpresa da eta bereziki bulegoko lanetan izan du eragin gehien. Azaldu dutenez, ahal dutenak etxetik ari dira lan egiten, ordenagailu bidez: «Enpresan ditugun bulego gehienak bi pertsonentzako dira eta saiatu gara bulego bakoitzean pertsona bakarra mantentzen eta besteak etxetik lan egiten». Egin beharreko bilerak skype bidez egiten ari dira. Tailerrean, ordea, «normaltasuna da nagusi». Makina batetik besterako espazioa zabala dela diote, eta postu bakoitzean langile bakarra aritzen dela, mantendu beharreko distantzia errespetatuz.  

Voith Paper enpresan normaltasunaren barruan lan egiten saiatzen ari dira, prebentzio neurriak hartuta. Langileen arteko distantzian eta eskuen garbiketan jarri dute arreta, eta, esaterako, jangela itxi egin dute. Gainerakoan, etxetik lan egiteko modua dutenak etxetik ari dira lanean. Aste hau horrela lan egingo dute, eta hurrengo asterako hartu beharreko neurriak baloratzen jarraituko dutela adierazi dute.  

Beste adibide bat da Irurako Aztaka 4x4 tailerra. Bost langileko enpresa da eta hasteko, lan ordutegia aldatu egin dute etxerako joan-etorriak ekiditeko. «Lanaldi jarraitua egingo dugu, 15:00ak bitarte». Konpondu beharreko autoak pasa den astetik zituzten edota ekarri egin dizkiete. «Guztia desinfektatzen ari gara. Paketeak kanpoan utzarazten ditugu, eta bezeroek ere ezin dute barrura sartu». Alkohola erosteko asmotan farmazian izan direla kontatu du, baina esku hutsik bueltatu dira.

Duda eta kezkak

Zer egin, nola jokatu. Hamaika zalantza sortu ditu enpresarien artean egungo egoerak. Eta zalantza horiek argitzeko jo dute askok gestorietara, aholku eske. Halaxe azaldu dute Tolosako Argitu, Miner eta Bordonabe aholkularitzetako langileek. 

Deiei erantzuten pasa dute goiza Argitukoek, «erotuta». Esan dutenez, gehienbat autonomoak direnen kezkak argitu behar izan dituzte, bereziki, langileak dituzten autonomoenak. Bordonabe aholkularitzakoek enpresa mota guztietako deiak erantzun dituzte egunean zehar, eta orokorra da kezka: «Enpresek ez dakite zer egin, ez dakite egoera nola kudeatu». Langileekin zer egin ez dakitela, kezkatuta jo dute enpresari askok laguntza eske. «Guk aukera posibleak mahai gainean jarri dizkiegu, eta gero enpresa bakoitzarena da azken hitza».  

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!