Araba, Bizkai eta Gipuzkoan Osasun larrialdia ezarri zuen Iñigo Urkullu lehendakariak lehenik, eta Pedro Sanchez Espainiako presidenteak Espainiako Estatua alarma egoeran dagoela esan zuen ordu gutxira. Ezohiko egoera. Agintariek beraz, hainbat neurri ezarri dituzte asteburuan; gaur bitarte betetzeko aholkua zegoen indarrean, gaurtik, berriz, betebeharreko neurriak dira, eta betetzen ez badira isunak jarriko dituzte. Neurri horiek guztiak 15 egunez egongo dira indarrean, eta koronabirusaren zabalkundearen arabera, luzatu dezakete epea.
Pedro Sanchezek iragarritako alarma egoeraren ondorioz, autonomiak bertan behera geratu dira. Urkulluk agindua beteko duela esan du, nahiz eta ez gustatu. Eta neurriak ez dira nolanahikoak: herritarren konfinamendua agindu dute, hau da, lanera joateko, erosketak egitera joateko edota behar beharrezkoa den hori egitera atera daiteke kalera, bestela etxean egon behar da, eta ateraz gero, bakarka egin behar da eta beste herritarrekiko metro eta erdiko gutxieneko tartea utzi.
Ez da aldebakarrez hartutako erabakia, Espainiako Gobernuaren Ministro Kontseiluak errege dekretua onartu zuen larunbatean, eta horren arabera, baldintza jakin batzuetan bakarrik ibili ahal da kalean.
Eskualdean noski, nabaria izan dira debekuak. Larunbat goizean oraindik, ez ziren neurri zorrotzenak indarrean jarri, eta erosketak egiten edota tabernetan jendea pilatu zen. Hori bai, urduritasuna zen nagusi, eta neurri zorrotzagoak etorriko zirenaren ustea zegoen zabalduta. Taberna gehienak ordea, larunbat arratsalderako itxi zituzten, hau da, Espainiako presidentearen prentsaurrekoaren ondotik.
Herriz herriko erabakiak hasiak ziren ordurako, dena den. Larunbat goizerako zentzuz ibiltzeko gomendioa zen nagusi, eta udalek eta eragileek antolatutako ekitaldi guztiak bertan behera zeuden ordurako. Tolosan azoka bera ere bertan behera uztea erabaki zuen Tolosako Udalak, eta horrek hainbat baserritarren haserrea ere piztu du. Askok baserrietan bertan saldu zituzten produktuak, eta supermerkatu handiak irekita egoteko baimena zutenez, bertan jende asko pilatuz, ez zuten ulertzen zergatik eurek ezin zuten leku ireki batean aritu.
Larunbat arratsalderako ordea, kaleak nabarmen hustu ziren, eta herrietako jolaslekuak eta horrelakoak itxi. Espainiako Gobernuak ezarritako alarma egoerak herritarrak etxean konfinatzera behartu ditu. Igandean oraindik, aholkua zen, eta Ertzaintza ibili zen jendeari etxera joateko eskatuz. Izan ere, gaurtik ez dute eskatzen, agindu egiten dute, eta konfinamendua bete nahi ez duten herritarrek isuna jasoko dute; 100 eurotik hasi, eta 600.000 euro bitartekoak.
Neurri zehatzak
Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren erabakiek, herritarren mugikortasuna mugatu du. Gaurtik behar beharrezkoa dena egitera atera daiteke kalera, eta ateraz gero, metro eta erdiko distantzia mantendu behar da. Asteburuan nabaritu da herritar asko etxean geratu direla eta errepideak ia hutsik egon dira ere, baina horren inguruan ere eman dute azalpenik: errepideetako mugimenduak ere mugatuak daude eta autoa, ahal dela, ez da hartu behar. Horrek eragozpen asko sortuko dizkie lanera joan behar dutenei, baita garraiobideren bat behar dutenei; garraio publikoa asko murriztu dute, ahal dela ez hartzeko eskatu dute, eta autoaren erabilera mugatu dute ere. Euskadiko Garraioaren Agintaritzak murrizketak onartu ditu: %40 eta %60 artean gutxituko dituzte, eta bidaiarekin segurtasuna beratzeko tokien herenak bakarrik erabili ahal izango dira.
Aisialdirako ezin da etxetik atera, beraz, eta mugimendu guztiak mugatu dituzte. Zortzi egoera zehatzetan atera daiteke etxetik: janari, botika edo bestelako lehengai bat erosteko; osasun zentroetara joateko; lanera joateko; ohiko bizilekura itzultzeko; mendeko bat zaintzera joateko; finantza erakundeetara joateko; beharrezko egoera batean egonez gero; eta bestelako egoera arrazoituren bat badago. Gurtza egitera joateko tokiak -elizak, esaterako- itxi dituzte ere.
Neurriak ikusita Tolosaldeko udaletan ere hasi dira erabakiak hartzen. Bat baino gehiagotan sortu dute prebentzio mahaia eta informazioa helarazten ari dira. Udal bulegoak herritarrei itxita egongo dira eta herritarrei eskatzen diete harreman telematikoak edota telefono bidezkoak lehenesteko. Tolosako Udalak eskaera horrekin batera esan du soilik premiazko edota larrialdi egoeran eta beste irtenbiderik ez denean artatuko dutela jendea aurrez-aurre, aurretiazko zita emanda. Tolosako adminitrazio-epeak etenda geratzen direla ere jakinarazi du.
Ibarraren kasuan ere, telematikoki ari dira udal langile batzuk lanean, TAO sistema bertan behera utzi dute, eta bi udaltzainak goizez nahiz arratsaldez ari dira lanean. Hondakin bilketari dagokionez, errefuxa eta organikoaren edukiontzien tapak irekita egongo direla adierazi dute.
Zein saltoki dago irekita?
Kultur ekitaldi guztiak, modu irekian egiten direnak behintzat, bertan behera geratu dira. Eskualdean bertan herri guztietako ekitaldiak atzeratu edo utzi dituzte bertan behera. Museoak, kiroldegiak, erakusketa gelak eta liburutegiak ere itxita daude. Hau da, udal eraikin eta aretoak itxi dituzte eta haurren edo helduen jolas zein ariketa lekuak ere prezintatu dituzte.
Pribatuak diren eremuei dagokienez, jolas edo apustu etxeek ez dute zabaltzeko baimenik, eta ezta ere tabernek, jatetxeek, kafetegiek edota terrazek ere.
Eta zer dagoen irekita? Taberna eta horrelakoak itxita daude, baina produktuak etxera bidaltzeko zerbitzua badute, barruan, publikorik gabe egon ahal izango dira lanean. Jatekoa erosteko dendak ere zabalik egoteko aukera dute; harategiak, arraindegiak, okindegiak, fruta-dendek... irekitzeko baimena dute. Baita ere farmaziek, gasolindegiek, estankoek eta egunkariak saltzen dituztenek ere. Informatika dendek ere ireki ahal dute, eta baita paper-dendek edo maskotak dituztenak ere.
Gora
Aipatutako neurri guztiak helburu bakarra dute: COVID-19 birusaren hedapena gelditzea. Izan ere, kutsatuen zenbatekoak gora egiten jarraitzen du. Administrazioek eguneratu egin dituzte koronabirusarekin kutsatutakoen eta hildakoen kopuruak. Lurralde guztietan handitu da gaixo kopurua, baina Nafarroan, Araban eta Bizkaian, bereziki. Araban 444 lagun daude kutsatuta —atzo baino 35 gehiago—; Bizkaian, 194 —36 gehiago—; eta Gipuzkoan 89 —26 gehiago—. Ipar Euskal Herrian sei pertsonak dute gaitza.
Hauteskundeak
Eusko Legebiltzarrerako datorren apirilaren 5eko hauteskundeak atzeratzea ere adostu dute Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak eta bozetara aurkeztutako hautagaitza nagusien ordezkariek.
EAJ, EH Bildu, EP, PSE, PP eta Equo alderdietako ordezkariekin bildu da Urkullu. Ohar bateratua atera dute. Lehendakariaren dekretu baten bidez, indargabetuta geratuko da apirilaren 5eko hauteskundeen deialdia, eta adostu dute EAEko osasun larrialdia amaitutzat eman ondoren egingo direla.