Koronabirusa

Koronabirusak konfinatuta

Erabiltzailearen aurpegia Jon O. Urain 2020ko mar. 15a, 08:30

Tolosako San Frantzisko ibiltokia, atzo eguerdian.

Alarma egoera ezarrita, COVID-19 birusa ez hedatzeko neurriak hartu ditu Espainiako Gobernuak: herritarren mugimendu askatasuna mugatuko du, ez bada, besteak beste, botikak eta elikagaiak erosteko edo lanera joateko. Jaurlaritza ez dator bat konfinamenduarekin, eta «155.a» kritikatu du.

COVID-19 birusa ezohiko hedatze maila izaten ari den neurrian, administrazio publikoak ere ezohiko neurriak hartzen ari dira koronabirusaren zabalkundea oztopatu eta herritar kutsatuen kopurua apaltzeko. Testuinguru horretan, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak ostiralean iragarri zuen alarma egoera izendatzeko erabakia, eta atzo taxutu zuten alarma egoera hori arautuko duen dekretua. Testuan jasotzen diren neurrien arabera, gaurtik bertatik Hego Euskal Herriko biztanleek mugatua izango dute mugimendu askatasuna ezinbestekoak baino ez diren joan-etorrietarako.

Salbuespen horien artean daude elikagaiak eta botikak erostea, osasun zentroetara joatea, lantokira joatea eta etxera itzultzea, adinekoak, mendekotasunak dituztenak edo adingabeak zaintzea, banketxeetara joatea edota ezinbestean joan-etorriren bat egin behar izatea. Txikizkako komertzio oro etenarazi dute, salbuespenekin: «ekipamendu teknologikoek, prentsak, ile apaindegiek, tindategiek» jarraitu ahal izango dute beren jarduerarekin. Aldiz, kultur eta kirol eremuko ikuskizunak bertan behera uzteko eta ostalaritza arloko komertzioak ixteko ere agindu du Espainiako Gobernuak; funtsean, aisiari lotutako mugimendu oro debekatu du, eta onetsitakoetan ere metro bateko distantzia gordetzeko eskatu du.

Alarma egoerari lotutako neurriak hamabost egunez egongo dira indarrean —luza daiteke, Espainiako Kongresuak hala onartuz gero—, eta gobernua bera izango da agintaritza eskuduna alarma egoerari lotutako edozein erabaki hartzeko. Horren arabera, Ertzaintza eta Foruzaingoa Espainiako Barne Ministerioaren esanetara geratuko dira, eta Osasun Ministerioak emango ditu osasun arloko irizpideak; baita, beraz, Osakidetzari eta Osasunbideari ere. «Birusak ez ditu bereizten lurraldeak, ideologiak edo kolore politikoak», argudiatu zuen Sanchezek. Espainiako Armada esku hartzeko prest dagoela gaineratu zuen.

Dekretuaren hainbat ataletan, berriz, neurriak zehaztu ordez, gobernuari ateak zabalik uzten dizkio, behar izanez gero, «beharrezkoak diren neurriak» hartzeko.

Sanchezen gobernuak zazpi orduko Ministroen Kontseilu baten beharra izan zuen dekretua adosteko; 14:00etarako espero zen Sanchez hedabideen aurrean agertzea, baina ia 21:00etan eman zituen azalpenak. Zenbait iturriren arabera, alor ekonomikoan eman beharreko pausoek eztabaida luzea eragin zuten gobernukideen artean. Sanchezek berak iragarri zuenez, neurriak «gogorrak» izango dira, eta, ondorio ekonomiko esanguratsuak izango dituela jakinda, atzoko bilkuran alor ekonomikoari lotutako zenbait neurri hartu zituzten: diru sailak prestatuko dituzte familiei, enpresariei eta autonomoei laguntzeko, kaleratzeak saihesteko eta birusaren aurkako txerto bat ikertzeko.

Agintea, Sanchezek

Horraino, Espainiako Gobernuak erabakitakoak. Horiek, ordea, zentzugabe egiten dituzte Jaurlaritzak atzo goizean iragarritako neurriak, agintaritza eskuduna Espainiako Gobernua izango denez gero. Euskadiko Babes Zibileko Planaren aholku batzordeak bilera egin zuen goizean, eta, ondoren, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakari eta planaren zuzendariak agindu zuen adinekoentzako eguneko zentroak ixtea, adinekoei egoitza zentro publikoetan edo pribatuetan egin beharreko bisitak murriztea, —eguneko eta egoiliar bakoitzeko pertsona bakar batek egin ahal izango du bisita— eta «edozein motatako jarduerak» bertan behera uztea.

Gainera, metro eta erdiko gutxieneko segurtasun tartea bermatzen ez duten lokaletan jarduera mugatzeko agindu du Jaurlaritzak.

Supermerkatuak beteta daudela eta, hornidura eta banaketa «bermatuta» dago, Urkulluren esanetan. Beharrezkoa balitz, supermerkatuak eta botikak egunean beste bi orduz zabaltzeko aukera aztertzen ari dira. Halere, normal jarduteko eskatu die herritarrei. Horrez gain, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak gogorarazi du neurriok «bete beharrekoak» direla eta, beraz, horiek ez betetzea desobedientziatzat jo daitekeela.

Jarraitu hemen irakurtzen. 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!