Koronabirusa

Komertzio eta ostalaritza gune bakoitzak erabaki beharko du bere negozioarekin zer egin

Ataria 2020ko mar. 13a, 17:45

Arduratsu jokatzeko deia egin diete merkatari eta ostalariei Tolosa&Co merkatari elkartetik. Bakoitzak hartu beharko ditu bere neurriak; Ama tabernak, esaterako, ateak itxi ditu "ardura sozialagatik".

Momentuz, saltokiak ez ixtea erabaki du Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismo sailak, goizean egindako bileran. Hala ere, jaurlaritzak osasun larrialdiko egoera deklaratu duenez, baliteke neurri murriztaile gehiago hartzea, eta esaterako, saltokiak ixtea. Horren aurrean, Tolosa&Co merkatarien elkartekoek adierazi dutenez, komertzio eta ostalari bakoitzak erabaki beharko du zein neurri hartu, itxi edota zabalik mantendu.

Hala ere, Tolosa&Co-k jaurlaritzatik jaso duen ekintza protokoloaren berri eman die goizean saltoki guztiei, eta merkatariei zein langileei dei egin die protokoloa betetzeko. Honako prebentzio hauek hartzea eskatu die: bezero batetik bestera ordenagailuko eta datafonoko teklatuak garbitzeko; mostradoreak, apalak, barandak edota bezeroek uki ditzaketen euskarriak behin eta berriz desinfektatzeko; bezeroaren eta langilearen artean metro bateko distantzia mantentzeko; eskuak ondo garbitzeko eta eskuekin begiak, sudurra eta ahoa ez ukitzeko.

Saltokiak eta tabernak momentu berean jende mordoa pilatu daitekeen guneak izan daitezke. Eman dituzten neurrietako bat horixe da: jende asko elkartu daitekeen guneak ekiditea. Merkatari batzuk hartu dituzte horrelako erabakiak. Esaterako, Zabala tabako dendan gehienez hiru bezero sartzeko baimena ematen dute. Laugarrenak atarian itxaron behar du. Bezeroekin tratu zuzena dutenez, eskularruak jantzi dituzte saltzaileek. 

Bestelako neurri bat hartu du Aroztegieta kalean dagoen Ama tabernak: gaur arratsaldetik aurrera ateak itxi dituzte, “ardura sozialagatik”.  Izan ere, bertako kide Javi Rivero sukaldariak esan duenez, "ezin dugu besteak zer egiten duen esperoan egon". Riberoren esanetan, "hobe da ixteko erabakia orain hartzea, luzatzen uzten badugu, kaltea ere luzatuko dugulako". Horiek horrela, gainerako ostalariek ere bide beretik jarraitu beharko luketela uste du Ama tabernako sukaldariak: "Ea nork irauten duen gehien gaudela dirudi, eta norbere buruari begiratu baino gizartearen onerako begiratu behar dugu". 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!