Koronabirusa

Ezohiko normaltasuna nabari da osasun zerbitzuetan

Ataria 2020ko mar. 13a, 16:48

Egoeraren "larritasuna" eta "oraindik okerrena pasatzeko" dagoela kontuan hartuta, jaurlaritzak osasun larrialdiko egoera deklaratu du. Ondorioz, Babes Zibileko Plana indarrean jarri du eta herritarren isolamendua edo "leku arriskutsuetara" joateko debekua ezar dezake. Neurri horiek iraupen mugatua izango dutela adierazi dute, "larrialdiari aurre egiteko beharrezkoa", eta "arriskuaren araberakoa".

Ezohiko egoeran gaudenaren irudia ematen du Tolosako anbulatorioak. Bertako langile gehienek maskara soinean dutela ari dira lanean, eta tentsioa ere nabari da. Maite Gomez bertako erizainaren hitzetan, ordea, “normaltasunez” ari dira lanean. “Ez da ohikoa baino jende gehiago etorri, eta hitzorduak bertan behera uzteko deitu dute herritar batzuk”. Maskaren erabileraren inguruan galdetuta, hura jartzeko erabakia norberaren araberakoa dela dio. Atzo iragarri zuten ikastetxeak ixteko neurria, eta horren ostean kezkak eta zalantzak tarteko ohikoa baino dei gehiago izan zituztela azaldu du erizainak, baina, gainerakoan, ohiko jardunean ari direla berretsi du.

Antzekoa da Ibarrako anbulatorioan egoera. Langileek segurtasun neurriak mantentzen dituztela azaldu dute harrera langileek, maskarak hala aukeratzen dutenek, garbitasun neurriak eta segurtasun neurriak mantenduz. Telefono deien kopurua areagotu dela diote gaur behintzat, eta beharrezkoa ez bada anbulatoriora ez etortzeko gomendioa luzatzen diete herritarrei. Bestalde, ohiko hitzorduak atzeratzen ari direla ere aipatu dute.

Farmazietan “ohikoa” dela joan-etorria diote Ibarrako Edurne Mujika farmaziako langileek, edo “txikiagoa agian”. Hori bai, herritarren artean errepikatzen diren eskaerak badirela diote: “Eskuak garbitzeko alkohola eta maskarak etengabe eskatzen dituzte, baina, guk egunero eskaria egin arren, ez zaizkigu iristen”. Termometroak eskatzera ere jende asko ari dela joaten diote farmazialariek.

Farmazian bertan hartzen diren neurriei dagokienez, zerbitzu batzuk esaterako, emateari utzi diotela azaldu dute: “Momentuz, tentsioa hartzea edota kolesterola neurtzea bezalakoak bertan behera uzteko eskatu digute Farmazien elkargotik”. Horrekin batera, farmazia barrura sartzen den herritar kopuruari ere begiratzen ari dira, eta garbitasun neurri bereziak ari dira aplikatzen.

Koronabirusaren aurrean adineko pertsonak ahulenak direla adierazi dute osasun adituek, eta hori dela eta, osasun neurriak areagotu egin dituzte adinekoen zentroetan. Alvaro Martinez da Tolosako Uzturre adinekoen zentroko zuzendaria, eta une honetan martxan dituzten neurrien berri eman du: sartu eta irteten den pertsona orori tenperatura hartzen diete; bisitak gehienez ere ordubetekoak izan daitezke, eta senitarteko berak joan behar du beti; segurtasun distantziak mantendu behar dira; eta garbitasun neurriak areagotu dituzte.

Martinezek adierazi duenez, egunero egiten dituzte krisi bilerak “egunean egunekoak aztertu eta horren araberako neurriak aplikatzeko”. Zuzendariak azaldu duenez, zentroa prestatuta dago “isolamendu” egoera baterako: “Pertsona gehiago ez hartzeko eskatu digute, eta horrez gain, gure gela gehienak pertsona bakarrekoak direnez, konfinamendu egoera baterako prestatuta gaude”.

Eguneko zentroari dagokionez, adinekoen senideei bertara ez joateko gomendioa luzatu dute Gipuzkoako Foru Aldunditik. Aisirako adinekoen jarduerak burutzen dituzten gunean ere bertan behera utzi dute bertako jarduera, eta jangela sozialarekin zer neurri hartu ari dira aztertzen, Uzturre zentroko zuzendariak dioenez, “zerbitzua erabat itxiko balitz bertako erabiltzaile askok ez luketelako eguneroko otordurik egin ahal izango”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!