Kontalaritzari balioa ematen

Tolosaldeko Ataria 2020ko mar. 13a, 10:44

[BERTAN BEHERA GERATU DA] Ahozkotasunaren bueltako artistak elkartzeko eta haien lana sustatzeko helburuarekin, abian da hamahirugarrenez Ahoz Aho jaialdia. Intujai Teatroak antolatzen du, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Tolosako eta Ordiziako udalen laguntzaz. Joan den asteburuan hasi zen, eta, martxoaren 28ra bitartean, askotariko ipuinak zuzenean entzuteko aukera izango da, nola haurrentzat hala helduentzat.

Gipuzkoako sei herritan ariko dira kontalariak: Arrasaten, Tolosan, Albizturren, Amezketan, Ordizian eta Ibarran. Euskal Herrikoak izango dira kontalarietako batzuk; beste batzuk, berriz, atzerrikoak, Kolonbia, Grezia, Frantzia, Polinesia eta Nikaraguako kontalariak gonbidatu baitituzte antolatzaileek.

Egitarau zabala du Ahoz Aho jaialdiak, eta Ipuin Narrazioen Lehiaketa, Ahozkotasunaren Gala Nagusia eta Euskal Narratzaileen Lehiaketa dira nabarmentzen diren ekitaldietako batzuk. Hain zuzen, joan den asteburuan egin zen Ipuin Narrazioen Lehiaketako lehen saioa. Sei kontalarik hartu zuten parte, eta horietatik hiruk lortu zuten finalerako sailkatzea: Ester Povedak, Ane Arrugaetak eta Joxe Aldasorok. Epaimahai lanetan, Iñaki Carretero, Itziar Rekalde, Irati Goikoetxea, Imanol Arabaolaza eta May Gorostiaga aritu ziren. Martxoaren 27an izango da finala, Ordiziako Barrena jauregian egingo den Ahozkotasunaren Gala Nagusian, eta irabazleak kalabaza bat jasoko du sari moduan.

Hurrengo egunean, martxoaren 28an, IV. Euskal Narratzaileen Topaketa egingo dute Tolosako Amarozko auzo etxean. Mahai inguru batekin ekingo diote egunari, eta Joxemari Karrere kontalaria arituko da gidari lanetan. Haren esanetan, topaketaren helburua “euskal kontalariak biltzea” da, “kontalarien arteko espazioak zabaltzea”. Urtetik urtera, mahai inguruko gaia aldatu egiten dute, eta aurten pertzepzioa landuko dutela iragarri du: “Ipuinak, istorioak nola jaso eta nola transmititzen diren jorratuko dugu, ohikoak ez diren hainbat pertzepziotatik”.

Hori lantzeko, hiru pertsona gonbidatu dituzte. Batetik, Iñaki Carretero. Kontalaria da, eta dislexia du. Karrerek azaldu duenez, “irakurtzeko arazoak ditu, eta guk gure lanean asko irakurri behar izaten dugu; beraz, hori nola bizi duen azalduko digu”. Bestetik, Peio Mindegia. Itsua da bera, eta, kontalaria ez bada ere, ipuinen mundua nola jasotzen duen eta nola adierazten duen kontatuko du. Eta, azkenik, Mikel Sagarzazu aktorea, asperger sindromea duena. Hark ere bere transmisio moduez hitz egiteko tartea hartuko du.

Topaketa amaitzeko, urtero bezala, Urrezko Kalabaza Sariak banatuko dituzte. Tolosako Amarotz jatetxean egingo dute ekitaldia. Sariketa horrek jendearen lanak bistaratzeko balio duela dio Karrerek. Aurten, besteak beste, Ahotsak.eus proiektua saritzea erabaki dute, “ahozkotasunaren inguruan egiten ari diren lanagatik”. Karrereren arabera, “bilketa lan izugarria egin dute, ahozkotasunarekin erabat lotuta aritu dira, euskalkiekin jolas egin dute, istorioak kontatu dituzte; horrek aberasten du gure kultura”. Gainerako bi sarituak nortzuk izango diren egunean bertan jakinaraziko dute.

Gipuzkoan antolatzen den eta ahozkotasuna lantzen duen jaialdi bakarra da Ahoz Aho. “Kontalarien elkargune” moduan ikusten du Karrerek: “Bizitza honetan interesgarria da zure antzeko interesak dituen jendearekin elkartzea, eta baita antzeko interesik ez duenarekin hitz egitea ere”. Topaketa horretan elkar elikatzen dutela dio, euren ofizioaz, bakoitzaren proiektuez, asmoez nahiz etorkizunaz aritzen direla. “Aberastu egiten gara”, aitortu du.

Horrelako jaialdien beharraz ere mintzatu da Karrere, kontalarien ofizioa ez baitu egoerarik onenean ikusten: “Espainia mailan egin zen ikerketa baten arabera, dantzari eta aktoreen %80k 500 euro baino gutxiago kobratzen dituzte hilean, eta gu multzo horretan sartzen gara”. Hori horrela, jaialdia “euskal kontalaritza zertan den jakiteko ezinbestekoa” dela dio.

Izan ere, Karrereren ustez, askotan, ipuin kontalarien saioak haurrentzat soilik direla pentsatu ohi du jendeak. “Kontalaritza gero eta gehiago ari da zentratzen haurren munduan eta liburutegien bueltan, eta horrek murriztu eta mugatu egiten du gure bidea”. Helduentzako saioak falta direla nabarmendu du. “Eskerrak horrelako jaialdiei, bestela ea non aurkitzen dugun helduei zuzendutako ipuin kontalarien saio bat”.

Kontaketez harago

Ipuin kontaketez gain, ahozkotasunaren beste espresio batzuk ere lantzen ditu jaialdiak. Adibidez, aurten, magia egingo dute Ordiziako plaza nagusian eta Garagartza plazan, martxoaren 21ean, Diego Calavia, David Blanco eta Asier Kidam artistek.

Ikastaroak ere antolatu dituzte Ahoz Aho jaialdiaren barruan. Batetik, Maider Alzelaik umeentzako ahozkotasun ikastaro bat emango du Ordiziako Jakintza ikastolan eta Urdaneta ikastetxean. Eta, bestetik, narrazio ikastaro trinko bat antolatu dute Tolosako Amarozko auzo etxean. Bihar eta etzi egingo dute ikastaro hori, eta guztira hamabi ordukoa izango da. Carolina Rueda kolonbiarra ariko da irakasle. 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara izango dira klaseak bi egunetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!