Jakari finalerdietako ligaxkako lehen puntuak ihes egin dio

Tolosaldeko Ataria 2020ko mar. 9a, 19:59

Peña II.ak eta Arangurenek lehen puntua eskuratzea lortu dute Elordi eta Etxeberriaren aurka.

Binakako txapelketa finalerdietan sartuta da, eta ligaxkako lehen partidan Erik Jaka lizartzarrak ezin izan zuen lehen garaipena lortu. Pronostikoak hautsiz, Iruñeko Labrit pilotalekuan, Jakak eta Zabaletak amore eman behar izan zuten Ezkurdiaren eta Martijaren erakustaldiaren aurrean. 22 eta 16 irabazi zieten bi nafarrek.

Ezkurdiak erakustaldia eman zuen partida guztian zehar, eta Martija atzelariak bikain lagundu zion; egin behar zuena egin zuen, Zabaletari neurria ondo hartuta. Ezkurdiak bikain baliatu zuen bere atzelariaren lana, eta beste behin, partidako zama hartuta bikain jokatu zuen. Erasoan jokatu zuen, eta Jakak Ezkurdiaren erritmora mugitu behar izan zuen defentsan. 8-6 eta 13-8 joan ostean, 17-16ra gerturatu ziren. Tanto batera gerturatu arren, partidak hor egin zien ihes. Orain, lehen partida galduta, Jakak eta Zabaletak hurrengo bi jardunaldietan ia ezingo dute hutsik egin.      

Bigarren mailako binakako txapelketa jardunaldi bat aurretik doa, eta asteburuan, Urrutikoetxearen baja tarteko, Peña II tolosarrak Erasun zizurkildarra izan zuen atzelari lanetan. Ligaxkako lehen jardunaldia galdu bazuten ere, oraindik bizirik dira ostiraleko partida irabazi eta gero. Peña II.ak eta Erasunek lortu zuten 22ra iristea, Elordi eta Etxeberria hamar tantotan utziz. Peñak jarri zuen erritmoa, eta bera nagusitu zen partidan. Honela, bi jardunaldietatik bat poltsikoratu dute, Zabala eta Ruiz bikoteak bezala. Agirre eta Eskiroz bikoteak doaz bitik bi irabazita.  

Hurrengo partidak  
Lehen mailakoen txapelketan, Erik Jakak berriz ere Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatuko du Zabaleta bikotearekin batera, Laso eta Albisuren aurka. Larunbatean izango da jardunaldia. Igandean, berriz, Eibarren, Olaizola eta Urrutikoetxea, Ezkurdia eta Martijaren aurka lehiatuko dira.

Binakako Promozio mailakoen kasuan, Peña II-Arangurenek ostiralean jokatuko dute partida, Logroñoko Adarraga pilotalekuan, Zabal-Ruiz bikotearen aurka. Eta beste jardunaldia, igandean jokatuko dute Agirre-Eskiroz eta Elordi- O. Etxeberriak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!