M8 Emakumeen Nazioarteko Eguna 2020

Geriza taldea: antolakunde berria

Jon Miranda Labaien 2020ko martxoaren 8a

Emakumeen bizi baldintzak apurka-apurka hobetzea helburu duen antolakunde berri bat sortu da Tolosaldean: Geriza. «Guztiok bizi kalitate bera izan dezagun, etxeko lanak kolektibizatzeko eta sozializatzeko, indarkeria matxistaren aurrean presio soziala antolatzeko eta erasotzaileekin amaitzeko bitartekoak sortzeko», egikarituko dute antolakuntza berria, emakume langileen interesak eta beharrak erdigunean jarriz.

Geriza Tolosaldeko Emakume Langileon Defentsa Taldeko kideen iritziz, egunerokotasunean jasaten dituzten eraso eta zapalkuntzei erantzutea dagokie emakumeei. Izan ere, emakumea subjektu «zapaldu eta menderatu» izaten jarraitzen du Geriza taldearen ustez: «Langile izate hutsagatik bizi ahal izateko soldatarekiko erabateko dependentzia dugu, dirurik gabe ezinezkoa baitugu bizirautea. Beraz, geure buruaren gainean erabaki ahal izateko gaitasun ekonomikorik gabe geratzen gara, hala nola, ezin izango dugu guk nahi dugunean guraso izan, baldintza txarreko lanak onartzera derrigortuta sentituko gara, exeko lan guztiak egiteaz gain lanpostura joan beharko dugu...».

Emakume langileak oraindik eta subjektu menderatuago eta ahulduago izatera kondenatzen dituena, ideologia matxista dela diote Geriza taldeko kideek: «Emakume izateagatik inposatuak zaizkigun rolak, gure gorputzarekiko sexualizazio neurrigabea, besteen etxeak garbitzeagatik miseria bat kobratu beharra, familiaren zaintza eta sostengu emozional guztia gure kargu jaistea...».

Tolosaldeko zenbait emakume antolakuntza eredu horren beharra sumatuta hasi ziren biltzen. Tolosaldeko emakume langiloen defentsa taldeak, egoera «zaurgarrienean» kokatzen denaren babesa izan nahi du, «zapalduon geriza bermatzeko antolakuntza, alegia». Bide luzea izango dela aurreikusi dute, «gazi-gozoz betea». Errealitate «gordin» horrekin amaitzeko aukera bakarra, ordea, emakumeek egunerokotasunean jasaten dituzten zapalkuntzak elkarrekin gainditzea da, «borroka eraginkorraren bidez».

Gaur, martxoak 8, bi hitzordu antolatu ditu Gerizak: 17:00etan hitzaldia Tolosako kultur etxean, eta 19:00etan elkarretaratzea Trianguloan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!