Trikitiaren sehaska hauspotuz

Jon Miranda Labaien 2020ko mar. 6a, 11:59
Maialen Argote, Hauspotuz elkarteko kidea eta Juan Tapia eta Maitane Aiertzarekin batera biharko egunaren antolatzaileetako bat. J. MIRANDA

Hauspotuz Tolosaldeko Trikitixa Elkarteak Herria Hauspotuz ekimena egingo du, bihar, Asteasu eta Larraul artean. Trikiti zaletasuna sustatzeko asmoz antolatu dute eguna, eta berdina egiteko asmoa dute datorren maiatzean Abaltzisketa eta Amezketa artean. Duela urtebete sortu zen elkarteak asmo gehiago ere baditu aurrera begira.

Tolosaldean soinu txikiarekiko zaletasuna bultzatzeko asmoz sortu zen duela urtebete inguru Hauspotuz Tolosaldeko Trikitixa Elkartea. Urrian egin zuten lehen ekitaldi publikoa, Tolosaldeko Trikitixa Eguna, eta jendetsua izan zen. 200 lagun baino gehiago bildu ziren Tolosan. Orain, trikiti zaletasuna eskualdeko txoko guztietara zabaltzen jarraitzeko, Herria Hauspotuz ekimenak egingo dituzte herri ezberdinetan. Bihar izango da lehenengo hitzordua, Asteasu-Larraul inguruan. Antolatzaile lanetan dabil Maialen Argote (Zizurkil, 1993) eta hitz gutxitan laburbildu du biharko egunarekin lortu nahi duten helburua: «Ekitaldi hau antolatu dugu jendeak elkar ezagutu dezan. Asteasun, eskualdeko herri ezberdinetako jendea elkartzeko eta trikitia aitzakia bezala hartuta, belaunaldi ezberdinetako zaleek elkar ezagutzeko okasioa izango dute».

Gaur egun ez da izaten plazetan garai bateko jendetzarik, baina Argoteren iritziz, uste baino zaletasun handiagoa dago Tolosaldean. Jaialdiak antolatzen direnean «berehala» agortzen dira sarrerak eta herri txikietan egiten diren txapelketetan ikusle asko biltzen da. Behin 15-16 urte bete ondoren zaletasunarekin jarraitzea, ordea, «zaila» izaten dela dio Hauspotuz elkarteko kideak, baldin eta horretarako «konpromisoa» hartzen ez bada. «Etxean helbururik gabe entseatzea ez da erraza, beti behar da motibazio edo aitzakiaren bat horretarako. Herria Hauspotuz ekimena izan da soinua hartu, piezak errepasatu eta berriro ere plazara ateratzeko aitzakia jende asko eta askorentzat».

Ekimen hau abiatzeko «bereziki trikitizalea» den zonaldea aukeratu dute. Larraulgoa da Martin Aginagalde soinu jotzaile famatua eta Asteasu bertakoa zen Eleuterio Tapia handia. Tapia zenaren seme Juanek, trikiti eskolak ematen ditu Asteasun eta haren ikasleek ere parte hartuko dute biharko ekimenean. «Gainera, herrian bada trikiti eta panderoarekin ibiltzen den beste talde bat, 10-15 pertsona helduz osatutakoa eta haiek ere animatuko zaizkigu».

Asteasu-Larraulen bihar eta Abaltzisketa-Amezketan maiatza aldera egin asmo dute hurrengo Herria Hauspotuz ekimena. «Lehenengo euren herrian parte hartzeko aukera emanez gero, errazagoa izango da beste herrietako ekimenetan edota Tolosan urrian egingo dugun bigarren Tolosaldeko Trikitixa Egunean parte hartzea». Xumea behar zuenak, ordea, dimentsio handi samarra hartu du. 80 lagun inguruk eman baitute izena, bihar, Iturri-Ondo jatetxean bazkaltzeko.

Trikiti jotzaile, pandero jotzaile, dantzari eta zale guztiak animatu ditu Argotek festara: «Librea da parte hartzea, gogoa baino ez da behar ekimenarekin bat egiteko». Kalejirak amaitu ondoren eta bazkalaurretik, Asteasuko plazan soinu jotzaile guztiek elkarrekin, hiru pieza eskainiko dituzte bertaratutakoen gozamenerako.

HERRIA HAUSPOTUZ. MARTXOAK 7, LARUNBATA


11:30. Harrera herriko bertsolari gazteekin.

Ondoren. Hamaiketakoa Asteasuko Udalaren eskutik.

Jarraian. Kalejira Elizmendi eta Asteasuko kaleetan barrena.

14:30. Bazkaria Iturri-Ondo jatetxean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!