Urrezko kirolarien txapelketen finalak, larunbatean jokoan

Ataria 2020ko martxoaren 5a

Herri kirolarien topaleku izango da, larunbatean, Azpeitiko Izarraitz pilotalekua. 18:30ean hasiko den jaialdian, hainbat txapelketetako finalak jokatuko dira, eta eskualdeko bi aizkolari izango dira lehian: Jexux Mari Mujika ibartarra eta Unai Zabala txaramarra.

Mujikak Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketako finalean parte hartuko du. Iker Vicente da bere bikotea, eta aurkari Mikel Larrañaga eta Jon Rekondo bikoa eta Ugaitz Mugertza eta Julen Alberdi Txikia IV.a bikoa izango dira.

Zabalak 23 urtez azpiko Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketaren finalean ariko da, bikoa Hodei Ezpeletarekin osatuz. Aurkariak Ioritz Gisasola Zelai IV.a-Suharri Rodriguez eta Julen Larrea-Jokin Urretabizkaia Basozabal izango dira.

Bi final horiez gain, Emakumezkoen Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketarena, Urrezko Harri-jasotze Txapelketarena, eta 19 urtez azpiko Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketarena izango dira jokoan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!