Azal berria, mamiari heltzeko

Ataria 2020ko mar. 5a, 12:00

Itxura berria izango du biharko Ataria astekariak. ATARIA

Tolosaldeko Ataria-ren astekariak jauzia emango du bihar, itxuraldatuta iritsiko baita Atarikideen etxeetara; diseinu berria izango du eta herritarrak izango ditu protagonista

Tolosaldeko Ataria-k beste jauzi bat emango du bihar. Astekariaren diseinua aldatu da eta itxuraldatuta iritsiko da Atarikideen eskuetara. «Astekaria, orain arte bezala, patxadaz irakurtzekoa izan behar dela uste dugu, eta diseinu berria horretara bideratu dugu. Zuritasuna bilatu dugu eta testuak irakurterrazak izatea nahi dugu, bai lehen begiratu batean, eta baita kazetaritza aldetik ere, landutako gaiei buruzko informazio osagarria emanaz», esan du Naiara Roldan de Aranguiz astekariko koordinatzaileak.

Ataria-k kolaboratzaile sare zabala du eta hori indartzea ere bada bere erronketako bat. «Orain arteko sarea mantendu dugu, eta kolaboratzaile berriak lotu. Iritziak, bertsoak, poesiak... idatziko dituzte, baina begirada grafikoari lekua egin nahi izan diogu eta bertan parte hartuko dute hainbat diseinatzaile grafikok, artistak, argazkilarik...».

Edukiari dagokionez gai nagusi bat lantzen jarraituko du Ataria-k, baina gai nagusiaz gain herritarrak izango dira protagonista astero-astero. «Agenda indartu nahi izan dugu ere, eta kultur agendari lotutako elkarrizketak argitaratuko ditugu». Itxura berria izango du aurrerantzean astekariak, baina orain arte bezala eskualdeko herritarrak izango ditu protagonista.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!