Euskal Herriko Mus txapelketako finalera, 10 bikote

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko martxoaren 5a

Argazkia: Loinaz Agirre / Goierriko Hitza

Euskal Herriko XII. Mus Txapelketako finala hilaren 14an, larunbatean, jokatuko da Arabako Zigoitiko Gopegi herrian. Pasa den asteburuan jokatu ziren herrialdeetako kanporaketak, eta eskualdeko hamar bikote dira final handirako sailkatu direnak.

Seguran jokatu zen Gipuzkoako kanporaketa, eta Gipuzkoatik sailkatutako 118 bikoteren artean jokatu ziren partidak. Horietatik 32 baino ez dira sailkatu Euskal Herriko XII. Mus Txapelketako finalera. 32 bikoteren artean, hamar bikotek eskualdea ordezkatuko dute. 

Segurako kanporaketan honela sailkatu ziren eskualdeko bikoteak: seigarren postua lortu zuten Xabi Goikoetxea eta Urko Otamendi amezketarrek. Zortzigarren eta bederatzigarren postuak alegiarrentzat izan ziren, Aitor Murua eta Gorka Altuna, eta Ander Telleria eta Ibon Apaolazarentzat, hurrenez hurren. Hamaikagarren bikotea izan zen Igor Urkola eta Mikel Larrion anoetarrek osatua. Aritz Mujika eta Mikel Beloki berastegiarrek hamabosgarren postua eskuratu zuten, eta hogeigarrena Ikaztegietako Andoni Egia eta Unai Iraolarentzat izan zen. Atzetik, Juan eta Unai Kortajarena larrauldarrak sailkatu ziren. Hogeita zortzigarrenak Illart Lasa eta Beñat Eizagirre tolosarrak izan ziren. Eta azkenik, hogeita hamar eta hogeita hamabi postuak, Eneko Iturbe eta Lander Etxeberria billabonatarrentzat eta Zizurkilgo Naroa Geresta eta Garikoitz Ugartemendiarentzat.

Euskal Herriko 128 bikoteren artean jokatuko da Euskal Herriko XII. Mus Txapelketa. Arabatik eta Behe Nafarroatik hemezortzina bikote sailkatu dira; Bizkaitik hamar; Lapurditik hamabi; Zuberoatik sei; eta Nafarroatik eta Gipuzkoatik hogeita hamabina bikote. 
Mus jokalariek 09:30erako egon beharko dute Gopegin, 10:00etan partidekin hasteko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!