Domina zaparrada Euskadiko txapelketetan

Tolosaldeko Ataria 2020ko mar. 3a, 19:59

Tolosa CF-ko atletek 20 domina lortu dituzte pista estalian jokatu diren txapelketetan.

Pista estaliko Euskadiko txapelketetan hogei domina lortu dituzte Tolosa CF-ko atletek. Horietatik hamalau pasa den larunbatean, 16, 18 eta 20 urtez azpiko lehiaketetan. Zortzi urrezko domina lortu zituzten, horietako bat June Sudupek. 600 metroko lasterketa guztia bakar bakarrik eginez, 1.40ko denborarekin Espainiako Txapelketarako 16 urtez azpikoetan gutxienekoa lortuz. Mireia De La Parrak luzera jauzian 5,39 metrorekin jantzi zuen txapela, eta Espainiako 20 urtez azpiko txapelketarako gutxienekoa eskuratu zuen.

Ander Martinez de Rituertok pertika jauziko txapela lortu zuen berriro ere lau metrotik gora jauzi eginez, eta 4,10 metrora iritsiz. Iker Esnaola, marka pertsonala eginez, txapeldun izan zen pisu jaurtiketan 12,98 metroko jaurtiketarekin.

Ane Martinek bere nagusitasuna erakutsi du beste behin eta 1.000 metrotako txapeldun bilakatu zen 3.08ko marka bikainarekin. Ander Aristi larrauldarra izan zen beste behin ere domina gehien lortu zituen atleta urdina, hiru guztira. Hirukoitza jauzian txapeldun bilakatu zen 11,69 metroko jauziarekin.

Ibone Ezeizabarrenak sasoiko dagoela erakutsiz 1.500 metrotako txapeldun izan zen 4.58ko markarekin. Mikel Ezkerro, marka pertsonala eginaz, 60 metro hesietako txapeldun bilakatu zen 8,36rekin.

Bost zilar lortu zituzten, eta horietako bat Mario Estangak pertika jauzian, 3,50 metrorekin. Manex Civico bigarren izan zen 1.000 metrotan, 2.50rekin marka pertsonala eginaz. Ander Aristik bi zilarrezko domina lortu zituen: hesietan 9,28ko markarekin eta 300 metrotan 38,44rekin. Joseba Larrauri ere bere markatik gertu ibili zen eta 200 metrotan txapeldunorde izan zen.

Brontzezko domina bat lortu zen eta hori Mikel Irastortzak eskuratu zuen, 60 metro hesietan 8,67ko marka eginaz.

Bestalde, orain bi asteburu egin zen Donostian Euskadiko Pista Estaliko Txapelketa nagusia. «Antolakuntzak atleta asko kanpoan utzi zituen, eta oso parte hartze eskasa izan zen txapelketan», azaldu dute Tolosa CFtik. Taldekoek emaitza onak eskuratu zituzten, sei domina lortuz: hiru urre eta hiru brontze. Ander Uranga Euskadiko txapeldun bilakatu zen 200 metrotan berriro ere 22 segundotik jaitsiz, eta 21,85 eginez. Nora Ituartek txapela jantzi zuen 7,87 eginez 60 metrotan. Beste urrea Maria Felisa Okomok lortu zuen, pisu jaurtiketan 12,75 metro eginez.

Brontzeei dagokionez, Joseba Larraurik 200 metrotan 22,12 egin zuen, bere marka pertsonala lortuz. Laura Biurrunek bere domina ere 200 metrotan lortu zuen, 27,04rekin. Eunate Martinez de Rituerto gorako jauzian izan zen hirugarren, 1,58 metrorekin.

Horrez gain, txapelketan Sergio Romanek master mailako Gipuzkoako errekorra hobetzea lortu zuen, 4.08ko markarekin.

HIRU ATLETA ESPAINIAKO TXAPELKETA NAGUSIAN

Parte hartze ederra izan da Tolosa CF-ren aldetik asteburuan Ourensen egindako pista estaliko Espainiako Txapelketa Nagusian, inoiz klubak eraman duen kopururik altuena. Hiru atleta eta bi entrenatzaile joan ziren bertara. Maria Felisa Okomo bere Tolosa CF-ko errekorra gainditzeko zorian izan zen eta lehiaketa oso erregular batekin 4 kiloko bola 13,23 metroraino bota eta pisu jaurtiketan zazpigarren izatea lortu zuen.

Nora Ituarte ere bertan izan zen, bigarren aukeran onartua izanik. Lehiaketa izugarria eginaz Ituartek bere marka pertsonala bitan hobetuz finalerdietara igarotzea lortu zuen, 7,74ko marka eginez. Ander Uranga ere sailkatu zen 200 metrotan parte hartzeko baino ez zen bere markatik gertu ibili. Hirugarren kalean korri egiteak proba honetan asko zigortzen du Ourensekoa bezalako erradio txikiko bihurgunea duen pista batean, eta 22,24rekin, ez zuen kanporaketa gainditu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!