Jaka-Zabaletak larunbatean jokatuko dute Labriten, Ezkurdia-Martijaren aurka

Ataria 2020ko mar. 2a, 13:39

Binakako txapelketako finalerdiak, ligaxka, asteburuan hasiko da, lehen mailan. Altuna III.a eta Artola kanpoan geratu ondoren, Jaka bakarrik geratzen da. 

Jokin Altunarentzat eta Iñaki Artolarentzat asteburuan amaitu zen binakako txapelketa. Kanporaketa erabakigarria zuten biek, eta biek galdu zuten. Altuna III-Galartzak 15-22 Laso-Albisuren aurka. Artola-Imazek 22-17 Olaizola II-Urrutikoetxearen aurka. Bi partidetan aurkariak nabarmen hobeagoak izan ziren.

Altuna III.aren kanporaketan, Ladis Galartza izan zen kale egin zuena. Bost pilota galdu zituen nafarrak. Horrez gain, atzean tanto ugari sartu zizkieten Lasok eta Albisuk. Atzelari ataundarrak, besteak beste, lau. Hauen jokoa hasieratik argia izan zen: Jokin Altuna gainditzea, eta lortu zuten. 

Iñaki Artolak eta Ander Imazek txapelketa faborito bezala hasi zuten. Lehen ligaxkan zuzenean kalera joateko faborito nagusi bezala. 14 jardunalditan, ordea, bikote handia osatu dute eta hirugarren amaitu zuten ligaxka hori. Kanporaketara ez ziren sasoi punturik onenean iritsi, eta aurkarien maila baino, euren egoerak erraztu zien garaipena Olaizola II-Urrutikoetxeari. 

Finalerdietako ligaxkan eskualdeko ordezkari bakarra geratzen da, lehen mailan. Erik Jakak zuzeneko sailkapena lortu zuen, ligaxka lehen postuan amaituta. Zabaleta handi baten laguntzarekin, finalean egoteko faborito nagusiak dira. Ligaxka moduan jokatuko den bigarren fasea asteburuan hasiko da. Jaka-Zabaletak lehen partida Ezkurdia-Martijaren aurka jokatuko dute, larunbatean, Iruñeko Labrit pilotalekuan. 

Bigarren mailako txapelketari dagokionez, finalerdiak asteburuan hasi ziren jokatzen. Hauek ere ligaxka moduan. Jon Ander Peña tolosarra da eskualdeko ordezkari bakarra, Aranguren atzean duela. Lehen partida 22-14 galdu zuten Agirre-Eskirozen aurka. Hurrengoa, Elordi - O. Etxebarriaren aurka jokatuko dute ostiralean, Mallabian. 

Asteburuko jaialdiak

Mallabiaostirala, 21:00

Elordi - O.Etxebarria
Peña II - Aranguren


Irribarria - Bikuña
Elezkano II - Erostarbe

 

Iruña, larunbata, 17:30

Agirre - Eskiroz
Zabala - Ruiz


Ezkurdia - Martija
Jaka - Zabaleta

 

Bilbo, igandea, 17:00

Olaizola II - Urrutikoetxea
Laso - Albisu

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!