Ibon Azpilikueta alegiarra da Udaberri Analogikoa antolatzen duena. TANIA CERVIAN

III. Udaberri Analogikoa antolatu du Box.a Arte elkarteak, martxoko lehen bi asteburuei begira. Martxoaren 6an argazkilari analogikoen topaketarekin hasiko dira, eta 15ean bukatuko da.

Tolosan Box.a Arte Elkarteak III. Udaberri Analogikoa antolatu du, eta martxoaren 6an izango dute lehen hitzordua. Argazkilaritzarako zaletasuna dutenei, mundu digitaletik ateratzeko aukera ematen die, eta beste arlo batzuk ezagutu eta ukitu. Ibon Azpilikueta da antolatzailea, eta argazkilaritzarako zaletasuna dutenak «elkartu eta konpartitzea» du helburu Udaberri Analogikoarekin.

Argazkilaritzarako kuriositatea duen edo saltseroa den horrentzat direla saioak adierazi du, «gauza berriak ezagutu nahi dituenarentzat». Garai bateko argazkilaritza ezagutu nahi duenak aukera paregabea du, eta «gaur egungoa ezagutzeko» ere balio duela argitu du. Azken finean, jolasteko gogoa duen, eta zerbait berria ukitu nahi duenarentzat antolatzen da Udaberri Analagokikoa.

Iazko Colodion Humedo tailerreko une bat. OIER ASO

Garrantzia kendu dio Ibon Azpilikueta alegiarrak argazkilaritzaren ezagupenari: «Hitzordu edo tailer bat aukeratuz gero, ziurrenik, gauza berri bat ezagutuko du. Horrek bidea emango dio beste zerbait ikasteko. Kuriositatea badu, gehiago jolastu edo gauza berriak ikasteko gogoa sartuko zaio». Eta, «jendea ezagutuko du, eta konpartitzeko aukera izango du», gaineratu du.

Hirugarren urtez antolatu dute, eta «gustura» agertu da Azpilikueta aurreko urteetako esperientziarekin: «Tolosa eta inguruko herrietako jendea gerturatzen da, eta Box.a bera ezagutu dute, eta tailer batzuk oso politak izan dira. Tailer bat, esaterako, hirugarren aldiz errepikatuko da jendeak izena ematen duelako».


OIER ASO

Eskaintza zabala, zaletasuna handitzeko

Afizio handia du argazkilaritzarako Ibon Azpilikuetak: «Nire zaletasunik handiena da. Denbora asko inbertitzen dut. Ikastaroren bat edo beste eman dut, baina guztia zaletasuna da». Denbora pasatzeko zaletasuntzat du argazkilaritza, eta filosofia horri tiraka antolatzen du Udaberri Analogikoa. «Ez dut soldata horretan bilatzen, eta ondo ateratzea nahi dut, baina emaitza azken batean gutxienekoa da», argitzen du. «Hortik bizi denak soldata atera behar du, eta ez du denbora pasa moduan hartzen».


OIER ASO

Argazkilari analogikoen topaketa izango da lehen hitzordua, baina, bakarren bat, kamera digitalarekin gerturatzen bada ere ateak zabalik izango ditu. «Digitaletik atera, eta garai bateko kamerarekin edo garai bateko teknikekin zer egiten den erakusteko toki bat izango da». Polaroid kameren kasuan, Azpilikuetak garbi du: «Ez dute galdu indarra, eta nire ustez, arlo batzuetan eta gune batzuetan indarra hartzen ari dira. Eman ez arren, mundu analogikoa indartzen ari da». Bueltan datorrela esatera guztiz ausartu ez bada ere, ez du ukatu: «Eskaera badago», dio.


OIER ASO

Lehen asteburua Estenopeika tailerrarekin biribilduko dute, eta Azpilikuetak eskainiko du. Argazki kamera eraiki beharko dute: «Sinplea ematen du, baina ikasle horiek ikastaroaren amaieran jakingo dute zer den diafragma, zer izango den abiadura eta zer izango den ISO edo sentsibilitatea». «Hori ezagutzeko aukera izango dute eta barneratzekoa ere bai; eta kamera bat hartzen duten egunean ikusiko dute nola jartzen duen denbora, jartzen duen f edo jartzen duen ISO». Edozein argazkitan sartzen diren hiru faktore horiek ikasiko dituzte, «oinarrizkoena izan zitekeen klasea da, eta nik urteak pasata ikasi dut, baina nire ustez horiek ikasitakoan jakin dezakegu nola sortzen den argazki bat», azaltzen du.

Inork informazio gehiago nahi izanez gero, proposamenen bat egiteko edota hitzorduren batera gerturatzeko box.argazkia@gmail.com helbide elektronikora idatzita jarri daiteke harremanetan.

OIER ASO

Martxoak 6, ostirala

Argazkilari analogikoen topaketa egingo dute lehen aldiz. Lanak elkarrekin ikusi, ukitu, elkarbanatu eta hitz egitea izango da helburua. «Mundu digitaletik atera, eta argazkilaritzako lana erakutsi nahi duenari irekia da». Trago bat hartuz elkartu, eta benetako sare soziala eraiki nahi da; bizilaguna ezagutu, eta bakoitzak bere lana konpartitzeko unea izango da.

Arratsaldez, Box.a Arte Elkartean sei pertsonek jarriko dituzte ikusgai beraien lanak, eta edonor gerturatu daiteke ikustera. «Guztiak ezberdinak izango dira», dio Azpilikuetak.

Martxoak 7, larunbata

Julio Contrerasek eskainitako tailer praktikoa izango da. Afizionatua da, baina urte asko daramatza Polaroid kamerak erabiltzen, eta tailerraren helburua Polaroid kamerak ezagutzea izango da. «Nondik datozen, nola sortu ziren eta zein ibilbide izan duten. Jolastu egingo dugu, eta zein aukerak ematen dituzte ikasiko da».

Kamera pila bat egongo dira nola funtzionatzen duten ikusteko: «Zer duten modelo batzuk eta zer beste batzuk». Dagoeneko kamera batzuetarako diren kartutxoak ez dira existitzen. Bestetik, «biltegietan dauden kartutxo batzuk erabiltzeko moduan jarriko dira, hau da, duela 30-40 urtekoak».

Martxoak 8, igandea

Estenopeika tailerra eskainiko du Ibon Azpilikuetak berak. Argazki kamera bat eraikiko dute, eta aurreneko argazki analogikoa lortuko du parte hartzaileak. Kaxa iluna eta zulo txiki-txiki bat duena da. Emandako ikastaro bat tarteko, «erakusteko aukerak pentsatu nituen, eta azkenean kutxatxo bat asmatu nuen, eta ikasle bakoitzak muntatzen du bere kaxa». Behin kaxa muntatuta erabili egingo dute, eta argazkiak aterako dituzte. «Lehen argazki hori negatibo bat dela ikusiko dute, eta jarraian, positiboa ere nola lortzen den jakingo dute».

Adin guztiei, hau da, familia osoari zuzendutako tailer praktikoa da. Familia giroan, egun pasa egingo dute.

Martxoak 13, ostirala

Jon Andoni Martinek eskainitako tailer praktikoa izango da, Colodion Humedo aspaldiko teknika ikasteko. Hirugarren urtez errepikatu dute Box.an. «Afizionatua da gu bezala, baina goi mailakoa da Jon Andoni», dio Azpilikuetak. «Benetan ikusgarria da, eta oso-oso polita da ikustea kristal batetik nola sortzen duzun argazkia».

«Niretzat egin ditudan tekniken artean politenetakoa da, politena ez bada. Magia da».

«Norbaitek kuriositatea badu garai bateko argazkilaritzan, egin beharreko tailerra da», azpimarratzen du, eta «honelako tailerra izateko aukera izatea hemen, opari bat da».

Bakoitzak bere erretratu edo argazkia etxera eramango du ikastaroaren amaieran: «Oso-oso polita da».

Martxoak 13-15, ostiraletik igandera

Asteburu pasa egingo dute, kasu honetan, Juanan Requena artistarekin. Esperientzia tailerra izango da.

Ostiral iluntzetik igande arratsaldera arte, elkarbizitzako tailerra izango da. Eskualdetik aterako dira, eta Brikolako Aierdi Bordan egingo dute egonaldia. Mendiz inguratuta, eta mugikorreko koberturarik gabe egongo dira: «Egoera hau aprobetxatu behar genuela ikusi genuen», dio. Plaza guztiak beteta dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!