Arrakalarekin amaitu nahian

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko ots. 28a, 18:58

Greban jarraitzen duten Gipuzkoako erresidentzietako langileek, «berdintasunaren alde lan egitea» eskatzen dute.

Pasa den otsailaren 22an, larunbata, gizon eta emakumeen arteko soldata berdintasunaren aldeko Europako eguna ospatu zen. Hori dela eta, astean zehar, Gipuzkoako erresidentzietan eta zaharren egoitzetan lan egiten duten ELA sindikatuko langileek, greban jarraitzen dutela jakinaraziz, bizi duten egoera salatu dute. Villabonan egin zuten lehen elkarretaratzea, eta atzo, Tolosako Trianguloa plazan bildu ziren.

Sektore horretako kideen esanetan, «ondo dakigu zer den soldata arrakala, izan ere, Diputazioak azpikontratatutako sektore maskulinizatuekin alderatuz, esaterako, kale garbiketarekin, zahar egoitzetako emakumeok jasaten dugun arrakala %30ekoa da, hau da, urtean 6.000 euro gutxiago jasotzen ditugu, emakumeak izateagatik eta zaintza lanak egiteagatik. Kalkuluak eginda, urtean hiru hilabete eta erdi baino gehiagoz, musutruk aritzen gara lanean».

Hala ere, gizonezkoen eta emakumezkoen artean ematen den arrakala, ordainsarietatik harago doala diote langileek. «Ez da bakarrik soldatetan islatzen. Izan ere, emakume garbitzaileok pairatzen ditugu behin-behinekotasun tasa handienak, eta gainera, jardunaldi prekarioenak guri egokitzen zaizkigu, hala nola, jardunaldi partzialak, jardunaldi zatituak edota ordukako lanak». Horrez gain, egungo sistemak eta lan-merkatuak, emakumeak bigarren mailako langile gisa erabiltzen dituztela, eta hauek egiten dituzten lanak gutxiesten dituztela salatzen dute, «bizitza sostengatzeko ezinbestekoak izan arren».

Aldundiak, aukera paregabea

Arrazoi guzti horien ondorioz, borrokan jarraitzen dute lan sektore feminizatu eta prekarizatuetako zenbait langilek. «Argi ikusi dugu soldata arrakalarekin amaitzea posible dela, eta horren adibide dira, besteak beste, Gipuzkoako epaitegi eta komisaldegietako garbitzaileak, 280 egunetako lanuztearen ondoren, soldata arrakala %70 murriztea lortu dutenak, edota Elorrioko Udalak azpikontratatutako garbikuntzako langileak, bost hilabeteko greba burutu eta gero, kolektiboaren soldata %20 baino gehiago igotzea lortu zutenak».

Foru Aldundiak egoera honi amaiera eman behar diola irizten diote langileek. «Ez dugu onartuko Markel Olanok esandakoa». Gipuzkoako Aldundiko buruak, honako hau adierazi zuen: «Langileen eskaria onartzeak, sistema itoko luke. Aldundiak berdintasun politiken aldeko apustua egiten du, ekonomia, zaintza eta indarkeria matxistaren kontrako borroka ardatz izanik». Bestetik, egunotan, «soldata arrakalak emakumeen eta gizonen arteko desberdintasuna betikotzen duela» aipatu du Emakundek.

Grebalarien ustez, «Gipuzkoako Foru Aldundiak berdintasunaren alde egiteko aukera paregabea du, baita ia 230 egunetara luzatu den grebari konponbidea ematekoa ere. Hala ere, ezinezkoa da berdintasunaren alde egitea, %90ean finantzatzen duzun sektorean, emakumeek %30eko soldata arrakala izatea onartzen duzun bitartean». Bien bitartean, Gipuzkoako zahar egoitzetako langileek borrokan jarraituko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!