Tolosaldeko lau bertsolari gazte aurtengo Gipuzkoako Eskolartekoan

Bihar hasiko da Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari txapelketa Oñatin eta finala Lasturren izango da, apirilaren 3an.

Oibar Olano Goikoetxea, Beñat Mateos Zeberio, Ane Zubia Aranalde eta Jon Mendiluze Mujikak parte hartuko dute aurtengo Gipuzkoako Eskolarteko bertsolari Txapelketan. Lehenengo biek Oñatiko kanporaketan kantatuko dute, otsailaren 29an. Ane Zubiari, berriz, Ikaztegietako Herrigintza Elkartean aritzea egokitu zaio, martxoaren 6an. Azkenik, Jon Mendiluzek Ereñotzun izango du bere saioa, martxoaren 13an.

Tolosaldeko partaiderik ez da izan azken zazpi urteetan Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketan. Haritz Mujika Lasa asteasuarra izan zen Eskolartekoan parte hartu zuen Tolosaldeko azken bertsolaria. Aurten, ordea, zazpi urteren ondoren, bi asteasuarrek, ibarratar batek eta irurar batek emango dute txapelketan aritzeko jauzia. Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkarguneko kideen ustez "lorpen handia" da berriro ere eskualdeko ordezkaritza izatea Eskolarteko txapelketan, "atzetik ere bertsolariak badatozen seinale".

Hiru kanporaketa izango ditu aurtengo Eskolartekoak. Lehenengoa Oñatikoa izango da eta bost bertsolariz osatua egongo da. Bigarren kanporaketa aldiz, Ikaztegietako Herrigintza Elkartean izango da martxoaren 6an. Sei bertsolari ariko dira bertan, kantuan, eta Ereñotzun izango den hirugarren kanporaketan ere, sei bertsolarik parte hartuko dute. Finala, aldiz, apirilaren 3an Lasturren izango da eta bertan kantatuko duen seikotea honela osatuko da: kanporaketa bakoitzeko irabazlea eta hiru puntuazio altuenak dituzten gazteekin.

Kanporaketa guztiak eta finala bertso afari formatuan egingo dira eta afaltzeko txartelak www.bertsosarrerak.eus web orrian daude salgai, 12 €ko salneurrian. Harituzek eskualdeko bertsozaleak Ikaztegietako kanporaketa ikusi eta entzutera gonbidatu nahi ditu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!